Debako Santa Maria elizako zinopariaren zaharberritzea

Debako Santa Maria eliz parrokia monumentalak, eraikitzen XIV. mendean hasi eta XVI.ean amaituak, zinopari bat dauka, seguruenik duela hiru mende inguru egina, noiztik ez dakigula gangatik zintzilik. Igarotako denborak eta lehenago egindako konpontze lan ez oso egoki batek nahikoa hondatu zuten modeloa; hau fragata motako belaontzi bat da, neurri ertainekoa, hiru masta eta mastako lau bela ditu, eta neurriz 0,85 m hartzen ditu mastan, eta 0,90 m luzeran.

Kroskoa egiteko zur zati mazizo bat hustu zuten. Zur honetako hainbat tokitan pipiak utzitako arrastoak nabariak dira. Ez du ontzigainik, eta lehenagoko konponketa batean bilgarriak egiteko ohol bat josi zioten, pintura marroi batez margotzeaz batera.

Txopa pixka bat aberasten ausartu nintzen, garai hartako, hots, dirudienez XVII. mendearen amaierako itsasontzi arkitekturak jarraitzen zituen lerroen barnean. Hiru kanoi-zulo kendu nituen alde bakoitzean, bere kanoiez, gaizki kokatuta zeudelako. Ikuspegi teoriko batetik ezin zen haiekin tiro egin, zeren eta horrelakorik egin izan balute moztu egingo zituzketen abenkeak, tripulazioak ontzia jazteko unean igotzeko erabiltzen dituen eskalak alegia.

Xehetasun honek argi uzten du zinoparia egin zuena ez zegoela oso jantzia lan mota honetan, nahiz beharbada itsas gizon handia izango zen.

Bela berriak egin behar izan ziren, oso hondatuta zeuden zaharrak patroi gisa erabiliz. Polea eta masta batzuk ere egin ziren, ezpel zura erabiliz.

Erabilitako lanabes nagusiak trintxak, otxabuak, mailuak, zizelak, espatulak eta zerroteak izan ziren, egin beharreko lanerako egokiak inolaz ere. Hiru kola mota eta bizkarroi-kontrakoak erabili ziren zurari pipia eta zeuzkan olio pinturak eta sintetikoak kentzeko.

Garbitze eta zaharberritze lanek hamar urte iraun zuten, eta 1995eko azaroaren 26an elizako gangatik zintzilikatu zuten, atzera, belaontzia.

brankako eta txopako

Itsasontzia

Debako Santa Maria elizako zinopariaren brankako eta txopako ikuspegiak (Iñaki Martínez Gorrotxategi “Amua”k lagatako argazkiak)

 

Nire eskerrona hemen aipatutako modelogileei eta Rafael Sopeña eta Iñaki “Amua”ri, eskuratu dizkidaten informazio eta testuengatik.

Argazki guztiak, kontrakorik adierazi ezean, Javier Carballo Berazadik eginak dira.

 

Aipatutako bibliografia nagusia

  • Aguirre Sorondo, Antxon. Artisautza. Euskonews & media. 2004/05/07-14.
  • Chapa Ozamiz, Alfonso. Primer catálogo del modelismo naval en Vizcaya. La Gran Enciclopedia Vasca. VIII. liburukia. Bilbo 1974.