Deiak

Deiak forma ezberdinetan egin izan dira: kanpai finkoa deiturikoa mihiarekin jota; kanpai-joleak maneiatutako soka edo makila sistema batekin jota; eta kanpai handienak eskuz itzulika jota. Azken horiek, kanpai ertz edo ezpainetatik hartuta edo bestela soka batzuen bitartez jo daitezke, kanpai etxea ardatzean biratzean lortzen den indarra aprobetxatzeko mugimenduak kontrolatuz.

Antxon Agirre Sorondok dio Euskal Herrian kanpai-deiak ohitura zaharren ondorio zirela, herri bakoitzean bere berezitasunak zituena, eta premiak bete edo berariazko informazioa helarazteko erabiltzen zirela. Ulergarri denez, kanpai bakoitzak, bere ezaugarrien arabera, soinu ezberdinak sortzen ditu, eta soinu horietako bakoitza gertaera zehatz batekin identifikatzen da. Kanpai bat baino gehiago era harmoniatsuan batera jotzea ere ohikoa zen.

Espainiako elizetako kanpai-deiak aztertu dituztenek diotenez, herri txikienetan sei kanpai izaten dira, eta hiri handienetan, berriz, ehun kanpai izatera ere iritsi daiteke. Kanpai-dei horietako asko ez dira batere ezagunak gure artean, ez baitugu dei horrekin konpondu nahi zen beharrik. Horien artean aipagarriak dira Gaztelan ehiztariak esnatzeko kanpai-deiak, Aragoiko dula kanpai-deia, herriko artzaina atera zela jakinarazteko, edo, baita ere, Katalunian salerosketarako erabiltzen zen kanpai-deia.

Pepita ZabalaPepita Zabala Insausti kanpai-jolea 1988ko maiatzean (Antxon Agirre Sorondok utzitakoa).

Euskal Herrian, kanpai-dei ohikoenak eguneko hiru deiak  edo Ave-Mariak ziren (egunsentikoa, eguerdikoa eta ilunabarrekoa), otoitzerako deia bezala erabiltzen zena. Eguerdian, Angelusa errezatzeko pilota partida garrantzitsuak gelditzea ohitura zahar horren aztarna izan daiteke. Heriotzak iragartzeko kanpai-deiak desberdinak ziren gizon, emakume eta umeentzat. Azkenekoen kasuan, txillintxa izeneko kanpaia, sakristia gainean zegoen kanpai txiki bat, erabiltzen zen, haren deiak zerukoak zirelako. Prozesio egunetan, elizako edo beste agintari batzuk iristean ere kanpai hori erabiltzen zen, baita herritarrak elizkizun txikietara deitzeko ere. Su-deia edo beste larrialdiren bat iragartzeko kanpai-danbadak (garai batean bidelapurrak iristean jotzen omen zirenak), herritarrak udaletxean edo elizan elkartzeko jotzen diren.

Iraganean, erlojuak hedatu baino lehen, igandea edo jai eguna zela gogorarazteko deiak ere bazeuden, baita derrigorrezkoak ziren auzolanei hasiera emateko ere (herriaren intereserako lanak, bideak eta hormak konpontzea, besteak beste). Kostaldeko herrietan kanpaiak laino trinkoko egunetan ontziak porturatzen laguntzeko erabiltzen ziren. Horrez gain, kazkabarra ari zela jakinarazteko ere erabiltzen ziren. Izan ere, kanpai-hotsak hodeiak puskatzen zituela uste zen, eta horrela uzta babestu egiten zela.

XIX. mende erdialdean, Nafarroako herri batzuetan honako hau agintzen zitzaion sakristauari (Lapuente Martinez L.: Estudio Etnográfico de Améscoa, cuadernos de Enologia y Etbografía. Navarro Nº8): “Ave-Marietan kanpaiak joko ditu; goizean, eguerdian eta gauean, baita elizako beste funtzio guztietarako ere; halaber, hodei ilunak direnean, hainbestean non abadeak haiek desagerrarazteko beharra ikusten duen; eta, baita ere, joko ditu, orain arte parrokia honetako aurreko sakristauek usadioz jo izan dituzten guztietan”.