Dolua

Pertsona bat hiltzen zenean, normalean zenduaren senide hurbilek eta, batez ere, harekin bizi izandakoek lutoa hartzen zuten; honen adierazpen nabarmenena jantzien kolore beltza izaten zen, eta “dolu gogor” esaten zitzaion. Denbora bat igarota, kolore beltza beste argiago batzuekin konbinatzen hasten zen, eta horri “luto erdi” esaten zitzaion. Lehenaren iraupena ez zen finkoa, hilabete batzuetakoa edo bizitza osokoa izan zitekeen, eta batez ere emakumezkoen jantzietan ikusten zen. Beste dolu adierazpen batzuk zenduaren etxean jartzen zituzten zintzilikari edo dolu-xingolak ziren.

Ohitura hau zela eta, kotoizko jantziak beltzez tindatu behar izaten ziren, denbora tarte labur batean, zeren eta elizkizunetara luto jantziz joan behar zen. Lan hori emakumeek egiten zuten, bai etxean bertan belaunaldiz belaunaldi igarotako prozedurak erabiliz, bai tindategi profesionaletan enkarguz. XX. mendearen erdialdetik aurrera praktika hauek indarra galtzen joan ziren.

Tindatzaileen arteko esaera batek dioenez, “tindatzaile bat ongi baldin badabil (diruz) lutozko kupela egina behar du”.

Espainiako gerra zibilaren ondotik (1936-1939), tindategi guztietan egiten ziren tindatze-lan guztiak kaki kolorezkoak ziren, armadari zuzenduak; are gehiago, prakak eta alkandorak egiteko kotoizko izarak erabiltzera heldu ziren.