Laneko baldintzak

Donostiako tabako fabrikako lanpostuak estimu handikoak ziren, eta bertan sartzeko lehentasuna izaten zuten bertan lanean ari ziren langileen familiakoek. Kontuan izan behar da garai hartan emakumeentzat ez zegoela lanerako aukera handirik.

Gogoratu beharrekoa da Garibai kaleko fabrikan (1913. urtera arte) emakume puru-egile bakoitzak bere jarlekua eta kandela bat eraman behar izaten zuela eta "irakurri egiten zietela lanean ari zirenean".

Puru-egilearen ofizioak abilezia eskatzen zuen, eta horrekin eta esperientziarekin emaitza onak lortzen zituzten. Lanbidea, izatez, espezialista beteranoak lan egiten ikusiz eta nor bere praktikaz ikasten zen.

Fabrikako erizaindegiaFabrikako erizaindegia (Altadis-en Artxibategi Grafikoa).

Beste lanbide batzuekin alderatuz, puru-egileen lanpostuak lanpostu "seguru"ak ziren, eta ordainsaria garrantzitsua zen: "inguruko fabriketako gizon askok baino gehiago irabazten genuen". Horrek, esan beharrik ez, ekonomikoki askatasun bat eta segurtasun pertsonal bat ematen zien hango emakumeei. Puru-egileek soldata finko bat zuten eta beste bat aldagarria zena eta egindako puruen arabera ordaintzen zena. Hamabost egunetik behin kobratzen zuten, eta ordainketa taldeko buruak edo arduradunak egiten zuen.

Ez da harritzekoa, beraz, langileek beren lanpostuak ez uztea ezkontzen zirenean eta lanean jarraitzea ahal zuten bitartean. Gainera, Donostiako enpresak garai hartan nahiko aurreratuak ziren abantailak eskaintzen zizkien emakume langileei, baita beren seme-alabak zaintzeko aukera ere. Argitaratu berri diren lan batzuetan adierazten denez, puru-egile batzuen hitzetan "ezkongai onak ginen".

LangileakTabakalerako langileak lantegitik irteten 1946an. (Kutxako fototeka)

Puru-egileek eta langile-buruek uniformea jantzi behar izaten zuten: txabusina eta beix koloreko txanoa; maistrak, ordea, urdinez jantzita ibiltzen ziren. Lanaldia amaitzerakoan dutxatu beharra izaten zuten, tabakoaren usain txarra –kiratsa ez esatearren– kentzeko.

Enpresatik irteterakoan, atezainaren miaketa pasatu behar izaten zuten, hori arduratzen baitzen langileen sarrera-irteerak kontrolatzeaz. Atezainak, irteera bonbillen piztuera aleatorioarekin bat gertatu zelako-edo miatzeko aukera izaten bazuen edo lapurreta susmoren bat izan, erregistratu egiten zituen langileak.

 

Oharra: Gure eskerrik beroena Amador Royo lagunari lan hau egiteko eman digun laguntza estimagarriagatik.

Rafaela Goikoetxea Rafaela Goikoetxea Mikio (1910), donostiar puru-egile aditua.

TabakaleraVista aérea de la fábrica de Donostia. (Archivo Gráfico de Altadis).

 

Berri-emaile nagusiak

  • Rafaela Goicoechea Miquio (1910)
  • Jesús Frauca Claver (Altadis San Sebastián)
  • Miguel Angel Martín (Altadis Madrid)

 

Bibliografia

  • Tabacalera y el estanco de tabacos en España 1636 – 1998. Francisco Comín Comín eta Pablo Martín Aceña. Fundación Tabacalera 1999.
  • Sevilla y el Tabaco. Erakusketaren aitzakiaz Unibertsitateko errektoretzan argitaratua (28/04tik 27/05era - 1984).
  • Memoria-resumen Fábrica Tabaco San Sebastián (1878-1913).
  • La industria guipuzcoana en fin de siglo. Reseña de las industrias fabriles más importantes. Nicolás de Bustinduy y Vergara. 1894. Donostia.
  • Arqueología Industrial de Gipuzkoa. Maite Ibañez, Mª José Torrecilla eta Marta Zabala. Deustuko Unibertsitatea, 1990.
  • Emakume donostiarrak. XIX eta XX mendean bete zuten eginkizuna. Miren Koro Campos eta Laura Rodriguez. Emakumearen ordezkaritza. Donostiako Udala, 2000.