Doris bidez egindako arrantza

Bakailaoaren arrantza, Ternuan, ontzi txikietan, itsasertzetik hurbil jarrita egiten zen. Trebes sarea edo amuak erabiliz egiten zen, eta arraina lurrera eramaten zen lantzeko, zenbaitetan txalupetan ere lantzen bazen ere.

Francisco López Capont-en arabera (1) XVI. mendean eta ondorengo urteetan Ternura joaten ziren itsasontziak 100 tona inguruko bodega zuten, 15 eta 20 gizon bitarteko tripulazioa eta sei hilabete ingururako elikagaiak. Arrantza eskuz egiten zen, amuarekin, eta marinel batek eguneko 25 eta 200 bakailao bitartean hartzen zituen; hala ere, baziren egunean 400 bakailao hartutakoak ere.

Ternuko kalatara iristen zirenean –espainolak edo besteak– belak gorde ondoren itsasontzia trebeska uzten zen poliki-poliki, haizearen eta korronteen eraginpean, arrantzari ekiteko. Arrantzarako, ontziaren alboan plataforma estu bat jartzen zen. Hor, iltzatuta, metroko altuerako barrika erdiak jartzen ziren, eta hortxe sartzen ziren arrantzaleak, eta ez erortzeko zerrauts hezearekin betetzen zuten bere ingurua. Horrela balantzaka eta bizitza arriskuan jarrita, 6 hilabetez. Aurrerapen handia izan zen itsasontziaren aldameneko plataforma hori ahaztu eta barrika erdiak ontziaren bizkar nagusian jartzea.

Eskuz egindako arrantzak tretza-arrantzari utzi zion lekua. Hori aurrerapen handia izan zen. Leku egokian utzitako ama-ontzi batetik txalupa txikiak itsasoratzen ziren, eta horietatik botatzen zituzten arrantzaleek arrantzarako tretzak. Txalupa horiek ez galtzeko, batez ere laino handia zegoenetan, txalupa nagusiarekin kalamu soka bidez lotzen ziren, gero kotoizkoa izango zen. Soka horiek 5.000 metrotarainokoak izatera ere iritsi ziren.(2)

Baina aurrerapen handiena “doris” edo “dorys” izeneko txintxorro antzeko txalupa arin batzuk erabiltzetik etorri zen. Horien berri XVI. mendetik dugu, 4 edo 5 metroko luzera eta sakonera oso txikia zuten, eta ez zuten eserlekurik eta branka eta popa oso arrufatuak zituen. Horrela, oso erabilgarriak eta egonkortasun handikoak ziren, baita itsaso arroan ere. Bi marinel baino ez zituen onartzen; baina bere alde zuten arintasuna, ama-ontzira erraz igotzeko eta ontziaren bizkarrean bata bestearen gainean utz zitezkeen, horrela leku gutxi hartzen zuten. Zenbait itsasontzitan horrelako hogei txalupatik gora izaten ziren.

Ama-ontziak doris-ak eta bere tripulatzaileak, egunerako janari eta guzti, itsasoratu ondoren ibilbide erradial bat eginez urrutiratzen ziren. Hogeita lau tretza botatzen zituzten, bakoitza 100 metro baino gehiagokoa, eta horiek potxerak izaten zituzten. Arrantzan bildutakoa ontzi nagusian despiskatzen zen. Pasaiako bakailao arrantzale “beteranoek” adierazi ziguten doris-eko tripulatzaileek amu aparailuak erabiltzen zituztela “hemen txipiroiekin bezalaxe”. Horrek, Ignacio Nogueras “Artzu”-k 1930eko hamarkadari buruz adierazitakoa baieztatzen digu, gero José Mª Merinok aipatu lanean jasotakoa.

Portugalgo bakailao-ontziek arrantza teknika hori 1972ra arte mantendu zuten. Urte horretan “Creuola” lau mastako belaontziak hogei marinel eta berrogeita hamazazpi arrantzalerekin Lisboa eta Ternua arteko azken bidaia egin zuen.

Arrantzale hauek hartzen zituzten arriskuak oso handiak ziren, ekaitzak eta lainoak izugarriak izaten ziren eta. Gainera, honenbestera egindako lana zenez, lortutako bakailao mihi kopuruaz neurtzen zenez, oso giro txarrean ere lana egitera behartuak zeuden. Pasaiako informatzaileek esan digute 1950 eta 60ko hamarkadetan, Ternuko uretan, askotan jaso zituztela doris-etako tripulatzaile portugaldarrak, itsasoan galduak.

Izotza kentzenIzotza kentzen 15º zero azpiko tenperaturan. Kutxako fototeka.

 

(1) Euskalerria eta arrantza. La pesca en Euskalerria. Anastasio Arrinda. Donostiako Aurrezki Kutxa, 1977.

(2) Los vascos en el estuario del San Lorenzo 1535-1635. René Bélanger. Auñamendi bilduma, 132 zk. Zarautz, 1980. Ternua.