Eginkizunak

Bizilagun baten heriotza, batez ere biztanle gutxiko herrietan, oso oihartzun handiko albistea izaten zen, herrian bertan batez ere, are oihartzun handiagokoa espero gabekoa bazen. Elizako kanpaiak ematen zion jendeari heriotzaren berri, eta toki askotan gizonezkoa, emakumezkoa edo haurra zen ere adierazten zuen. Hileta-arotzari berehala ematen bazioten ere gertatuaren berri, batzuetan hil kanpaia lehenago iristen zen.

Hileta-arotzak egin ohi zituen lanak askotarikoak ziren. Batzuk aipatzearren, hildakoa lurperatzeko erabiliko zen hilkutxa egitea, eta baita andak egitea ere; hauek zurezko bi barra horizontal eta paralelo izaten ziren, eta gainean jartzen zuten hilkutxa, uhal batzuen bidez behar bezala lotua, sarritan zailak izaten ziren gorputz-bideetan barrena baserrietatik hileta-eginkizunak egin behar zituzten elizaraino edo hilerriraino iristearren.

KanpaiakKanpaiak funtsezkoak izan dira gure herrietan norbait hila zela jakinarazteko unean. (Irudia: Yulen Zabaleta).

Hil-kapera prestatzea ere egokitu ohi zitzaien, eta horretarako zutargiak, kandelak eta loreak jartzen zituzten. Era berean, sarritan beztitzaileei laguntzen zieten, hau da, gorpua janzten zutenei. Eta kutxa mugitzen zutenean hildakoaren senideek edo lagunek eskuz heltzeko zerrendak ere jarri behar zituzten hilkutxa gainean. Dokumentazioa ere prestatzen zuten, esaterako mediku-ziurtagiriak edo epaitegiek eskatutakoak. Eta hilkutxa gainean ontzi bat, ur bedeinkatua zuela, erramua eta isipu bat jartzen zituzten.

Hileta-zerbitzuetan espezializatutako arotzak, oro har, oso estimu handikoak izan dira gure herrialdean. Une bereziki mingarri eta gogorretan familiekin batera egote hori beti errespetuaren eta laguntasunaren bidetik eraman da.

AndakAndak oso garrantzitsuak izan ziren hilkutxak herri-bideetan barrena eramateko. (Irudia: Yulen Zabaleta).