Egoera 1880an

Hamarrenak ezabapenaren eta desamortizazio legearen ondorioz, XIX. mendeko bigarren erdialdean, Elizak bere finantzaketa birpentsatu behar izan zuen.

Besteak beste, organista kopurua eta irabazten zuten soldata zenbatzea beharrezkoa izan zen. Izan ere, ordura arte, ez zekiten zehazki zenbat zeuden, eta elizaren hierarkiak ez zuen asko edo batere parte hartu organisten soldatak zehazterakoan.

1880an jasotako datuen arabera, Gasteizko elizabarrutian (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia probintziak hartzen zituena), zuzenean gotzainaren esku zeuden eliza eta kaperetan, ehun eta berrogeita hamar organista inguru zebiltzan jardunean. Benetako organista kopurua jakiteko, erlijio-komunitateetan zeuden organista kopurua ere gehitu beharko litzateke, baina ez dago horri buruzko daturik. Organisten ia erdia Gipuzkoan zegoen bilduta, heren bat Bizkaian, eta gainontzekoak, Araban.

Hiru hiriburu eta herri garrantzitsuenetan, organista postuak oposizio bidez betetzen ziren, batzuetan udalen esku-hartzearekin, eta gehienetan ia erabateko dedikazioko postuak izaten ziren. Baina gainontzeko herrietan, postua apaizek betetzen zuten, batzuetan baita zibilek ere, eta gehienetan beste jarduera batzuekin batera egiten zuten lan hori: besteak beste sakristau gisa, haurrei musika erakusten, udalen idazkaritzetan, herriko musika taldeko zuzendari gisa edo “bestelako lanen bat egiten”.

Ramon OstolazaRamon Ostolaza (1925), erretiroa hartu arte Foru Aldundiko bidezaina izan zena, eta 50 urte baino gehiagoan Bidaniako organista. Oraindik jardunean dabil. (Argazkia Javier Carballo 1991).

Artzapezek apezpikuei bidaltzen zizkieten albisteen arabera, arazo larriak izaten zituzten organisten kostua ordaintzeko, nahiz eta entitate publikoek diru ugari eman postu horiek mantentzeko. Ondorioz, batzuetan ez ziren lanpostu guztiak betetzen. Soldatak, hiriburuetan izan ezik, oso desberdinak ziren herriaren arabera. Araban, Laudion 4000 errealeko soldata zuten, eta Mañuetan, berriz, 300 errealekoa. Gipuzkoan, Irunen 5000 errealeko soldata zuten, eta Aizarna, Arrona, Zestoa edo Zumaian, 250 errealekoa. Badaude kasu berezi batzuk: Albisturren, adibidez, 2200 errealeko soldata zuten. Bizkaian ere, herri bateko et abesteko aldeak ere nabariak ziren: Elorrion eta Gernikan 5000 erreal irabazten zituzten, eta Galdakaon, berriz, 563 erreal. Urdulizen, berriz, organistari espezietan ordaintzen zitzaion.

Kontuan hartzekoa da baita ere, Joaquin Goya Iraolak egindako lana (1). Nafarroan XX. mendean aritu ziren organisten zerrenda luze bat egin zuen. Bertan, apezpikuak nahi apaiz laguntzaileak, baita emakumezko eta gizonezko erlijioso eta zibilak azaltzen dira.

Juan Maria AizpuruaJuan Maria Aizpurua, Itziarko organista. 1950eko hamarkada erdialde inguruko argazkia.

Joxe ElizburuAzpeitiko Joxe Elizburu organista (Argazkia Pepe Gil).

 

(1) Organos, organeros y organistas. Joaquin Goia Iraola. Diputación Foral de Navarra. Dirección de Turismo, Bibliotecas y Cultura Popular. Iruñea.