Eguneko zapata pare bat

Zapatariek, lanerako behar zituzten material gehienak (era askotako larruak, iltzeak, lihozko lokarriak eta abar) Bilboko biltegietan erosten zituzten. Zapata pare arrunt bat egiteko, horretan bakarrik arituta, bi lanegun oso behar izaten zituzten, eguneko hamaika ordu lan eginez.

1950 aldera, zapatariek 90 pezetan saltzen zuten zapata pare berri bat. Hamarkada bat geroago, zapata pare batek 300 pezeta balio zituen. Baina hala eta guztiz ere, zapatarien lana ez zegoen batere ondo ordainduta. Artisau zahar batek esan zigun askotan lanak kobratzea oso zaila izaten zela, jendeak jeneroa etxera eraman eta ordaindu gabe uzten baitzuten, edota bestela enkargatutako gauzak ez baitzituen jasotzen. Hilabete batzuetan, zapatariek inguruko lantegietako ofizialen soldataren herena irabazten zuten. Egunean hamabi ordu lan egin ondoren, familiak era umilean bizi behar izaten zuen, eta askotan emazteak etxe-garbitzaile gisa lan egin behar izaten zuen.

1970eko hamarkadan, neurrira egindako zapatagintza desagertzen hasi zen, eta zapatariak konponketak eta bestelako lanak bakarrik egiten hasi ziren. 1982an, zola bat eta takoi bat jartzearen truke 150 edo 200 pezeta inguru kobratzen zituzten, eta takoia bakarrik jartzearen truke, 100 pezeta.

Cedula