EGUNGO PILOTAGILEAK

  • Eusebio Gonzalez Ziganda, Nafarroakoa, Azkoitian finkatua. “Caballo Rojo” markako pilotak. Hil zenez geroztik, alargunak eta semeek segitu zuten lantegiarekin. Geroago Alberto Gonzalez Urtizbereak eta gaur egun honen seme Alberto Gonzalez Arangurenek. Esku huskako eta erremintarako pilotak.
  • José Luis Cervino, Logroñokoa (Errioxa). Erremintarako pilotak.
  • Ander Zulaika, Atarrabiakoa (Nafarroa). Aitak hasitako pilotagile lanarekin segitzen du. Esku huskako eta erremintarako pilotak.
  • Ander Ugarte, Gasteizkoa, Agurainen finkatua. 1988an, 23 urte zituela, Jean Paul Mendiararen Senpereko “Punpa” pilota-lantegian sartu zen; enpresa hori 1890eko urteaz geroztik ari da lanean, eta eskulangile zenbait igaro dira bertatik. Mendiara jaunak 2003an hartu zuen erretiroa, eta Anderrek enpresa eskuratu eta Donibane Loizunera aldatu zuen. Gaur egun, pilotak egiteko makinak erabiltzen dituzte, forru edo larrua josteko izan ezik, lan hori oraindik ere eskuz egiten baitute. Egun sei pertsona ari dira lantegian lanean, eta Euskal Pilotaren espezialitate guztietarako pilotak egiten dituzte.
  • Juan Carlos Otero, Alkizakoa (1966), Anoetan (Gipuzkoa) finkatua. Palari profesionala Bilboko Deportivo pilotalekuan 1997 arte. 17 urte zituela pilotak egiteko lanbidea ikasi zuen lehen aipatutako Jeremías Pérezekin, eta 1983an pilotagintzan hasi zen. 2002an kooperatiba bat eratu zuen Oscar Colazo, Mikel Arrión eta Jose Antonio Barquerorekin batera. Esku huskako eta erremintarako pilotak egiten dituzte.

Gure eskerrik bihotzekoenak Javier Carballo Berazadiri, lan hau idatzi ahal izateko egin duen ekarpen garrantzitsuagatik.