Egurgileak

Usadioz, egurrak paper sozio-ekonomiko garrantzitsua izan du Euskal Herrian, hasiera batean energia iturri gisa eta geroago era guztietako tresnak, etxebizitzak eta ontziak eraikitzeko lehengai gisa. Hori guztia pago, haritz eta arte baso ugari zegoelako izan da posible.

Egurgileen (1) lana zuhaitzak moztu eta herriguneetara gerturatzea zen (batzuetan lehen tratamenduak ere egiten zituzten, esaterako enborrak ohol bihurtzea). Egurgileek koadrilatan egiten zuten lan, eta duela berrogei urte arte oso lan-baldintza zailak jasan behar izaten zituzten.

XIX. mende erdialdean trontza-zerra erabiltzen hasi ziren arte, egurgileek erabiltzen zuten tresna bakarra aizkora zen. Geroago, motozerra oso aurrerakuntza garrantzitsua izan zen. Egurraren garraioan ere aurrerakuntza izugarriak egin dira: hasiera batean enborrak aziendarekin eramaten ziren herrestan, gero traktoreak erabiltzen hasi ziren, eta gaur egun, nahiz eta gutxietan gertatzen den, helikopteroan ere eramaten dira enborrak.

Egurgileen artean gutxienez bi mota bereizten ziren: Lanera nahiko urrun joaten ziren egurgileak eta lana bizi ziren eskualdean bertan egiten zutenak.

 

(1) Egurgileak mendiko langile edo basoko mutil izenez ere ezagunak ziren.