Merkaturatzea

Bitorrek dioenez, bi dira egiten dituen produktuak saltzeko moduak: eskulangintza azokak eta ahoz ahoko transmisioa. Lehenei dagokienez, “ahal duen guztietara” joaten da, hau da, urtean berrogei bat inguru azokatara, Euskal Herrian batez ere. Horietan gauzak saldu eta enkarguak ere hartzen ditu, eginda dituenean entregatzeko. Garrantzitsu ikusten du, halaber, ahoz ahokoa, hau da, eskulangintzarako bere gaitasunari eta lanerako seriotasunari buruzko aldeko informazioa, pozik eta gogobeterik geratutako bezeroek eskatzaile berri izan daitezkeenei adierazia.

Uste du taillagin ona izateko halako estimu bat behar dela edo, bere kasuan, lanbide honetan aritzea “karga bat ez izatea”. Era berean, ikasteko eta jarduera profesionalean aritzeko irmotasuna oso garrantzitsua da.

Zuraren taillagintzaren etorkizunari dagokionez kezkatuta ageri da, batez ere berak “birsalmenta” esaten dionagatik, ezen hainbat herrialdetatik inportatutako produktuak merkaturatzen ari dira, gure eskulangintza azoketan euskal eskulangileek eginak balira bezala saltzeko.