Artisaua

Mia Rissanenek (Helsinki, Finlandia, 1963) Helsinkin burutu zituen lehen mailako ikasketak. Hurrengo bi urteak Esku-Langintzetako eskolan eman zituen, ehungintzaren teknikak ikasten. Helsinkiko Emausko Trapu-biltzaileen taldean laguntzen hasi zen 1981. urtean, eta talde horretan, besteak beste, trapuzko alfonbrak egiteari ekin zion, amona zenari (1913-2003) esker ondo menperatzen baitzuen jarduera hori, hark ere ehungailua erabiliz egiten baitzituen.         

Helsinkin Joseba Ossa zumaiarra ezagutu zuen, eta, 1990ean, Donostiara etorri ziren. Orain, Arroa Behean (Zestoa) bizi dira.

Finlandian egindako bere irazki-hari baxuko ehungailua berriro martxan jarri eta trapuzko tapizak egiten hasi zen. 2002. urtean herri desberdinetako udalek antolatzen dituzten azokak bisitatzen hasiko da. Miak oroitzen du garai hartan Carmen Esnaola (Lasturreko Goikola baserrian bizi zena) artisau ezagunak lagundu izana. Azken urteetan, artisau bezala bilakaera garrantzitsua izan du eta teknika guztiak menperatzera iritsi da. Ehungintzari buruzko ikastaroak ere eman izan ditu.

Artisau horren lanaren ezaugarri dira jarraian aipatuko ditugunak: ondo egindako lanaren balorea, unean uneko estilo eta kolore desberdinak bateratzeko gaitasuna, eta egindako lanaren mesederako diren xehetasunak. Miak bere aurrekoen moduak bereganatzen ditu. Eguneroko bizitzan erabiltzen diren eta gaur egun galduak egongo liratekeen altxorrak berreskuratzen ditu, artisau-teknikak bihurtzeraino, eta, ondorioz, norberarentzako edo apaingarri bezala erabili daitezkeen jantziak egiteko. Era berean, bere jakintza guztia ondorengo belaunaldiei helarazten die.

ArtisauaArtisaua, hari artean ehungailuarekin lanean. (Argazkia: Javier Carballo).

Mia RissanenMia Rissanen, bere ehungailu bikainean. (Argazkia: Javier Carballo).