Ekoizleak

Nahiz eta Nicolás Gurruchagak 1856ko urtarrilean Guardia Berria eta Guardia Zarra baserrien artean dauden lurrak eskatu “kare hidraulikoa edo zementua ekoizteko lantegi bat” egiteko asmoz (1), Arroa inguruan ezagutzen den lehenengo instalazioa, Nuestra Señora de los Dolores izan zen, Eusebio Gurruchagak, Nicolásen semeak, sortua 1859 inguruan, Azpeitiko errepidearen aldamenean, lehen aipatu dugun bezala.

Sei labe edo “karobi” bertikal zituen, etenik gabe aritzen zirenak. Lau metroko diametroa zuten, alderik zabalenean, goiko aldetik kargatzen ziren errepidearen altueran jarriak zeuden tuparri eta lignito depositu batzuetatik.

Lehen aurreratu dugun bezala labeen parean, ehotzeko errotentzako bi gela zeuden, biraka aritzen ziren errotarri handiekin. Bi aldeetan, hainbat biltegi eta depositu zeuden, ekoiztutako zementua gordetzeko erabiltzen ziren. 

Errotak 35 HP-ko indarra zuen turbina hidrauliko baten bidez mugitzen ziren, gas motorea eta gasolio motorea ere bazituen eta gasogenozko beste bat ere bai. Horientzako bi ikaztegi zituen eta bi tximinia altu, oraindik ere zutik daudenak. 

Turbina Narrondo errekako uraz mugitzen zen. Ura airean jarritako ubide batetik desbideratzen zen lantegira, guztia lantegiaren barruan. Gainera, patio bat, hainbat biltegi eta konponketetarako sutegi bat ere bazuen. 

Lantegiaren ondoan langileentzako etxeak, estankoa eta taberna eraiki ziren, eta horien ondoan “Villa Petra” eta “Villa Eulalia” parke eta guzti, nagusiaren etxebizitza izateko, garaiko modari jarraituz eginak. 

1869an ere ekoizleak bi dira: Gurruchaga eta Corta. Azken honek Iraeta burdinola erabiltzen du ehotzeko, baina urte gutxiren buruan lantegi berriak garatuko dira bertako enpresariek sustaturik, eta eskaintzaren gorakadak eta Arroako tuparriarekin egindako zementuak hartutako prestigioak bultzatuta.

Mañé y Flaquer-ek, 1876an,  Zestoari buruz ari dela hauxe dio: “ Biztanleak,…kare hidraulikoa egitea dute lanbide, industriaren adar garrantzitsua da hau eta jende asko hartzen du eta etekin handiak ematen dizkio herriari. Zestoan harri ikatza edo antrazita meategi  batzuk ere badaude. Meatze hori, mota guztietako kareak egiteko baliagarria da.(2)

Nuestra Señora de los Dolores fabrikako plantaNuestra Señora de los Dolores fabrikako planta.

Testuinguru honetan, urte gutxiren buruan lantegi berriak sustatuko dira. Horietako bat Beduakoa izan zen, arrazoi soziala Uriarte, Zubimendi y Cía zuen, 1885 urtean sortua. Jarraian “San José”-koa eraiki zuen Niceto de Arangurenek 1887an, Narrondo auzoan. Lau labe bertikal eta ehotzeko bi harri zituen. 1892an Esteban, Eulogia eta Francisco José anai-arrebek arrazoi soziala aldatu eta “Don Esteban Aranguren y Cía. Cemento Natural” jarriko diote. 

Urte batzuk beranduago Eusebio Gurruchagak, saldu egingo dio Nuestra Señora de los Dolores lantegia Sansinea y Echeverria-ri, eta Zumaian jarriko da. 1892an Pedro bere semeak Baiona baserriaren inguruko lur batzuk erosiko ditu eta oinarri berriko lantegi bat eraikiko du “La Zumayana” izenarekin. Zazpi labe bertikal ditu, eta oraindik ere bertan daude, eta baita errotarriak mugitzeko erabiltzen zen ikatzez elikatutako lurrun makinaren tximinia ere.

1894an badira zementu naturala egiteko sei lantegi: “La Zumayana” Narrondon, Gurruchagarena; “San Jose” Narrondon hau ere, Aranguren y Cía-rena, Oikiakoa Olave y Cía enpresarena; Beduakoa, Uriarte y Cía-rena; “La concepción” Chiribogan, Echeverria y Echabe Cíarena; “Santa Cruz”,  Agote auzoan, Corta y Cíarena, azken honek Iraetako burdinola ere erabiltzen du zementua ehotzeko.

Garai horretan  Nicolás de Bustinduy-k, Zestoa eta Zumaiari buruz ari dela, honelaxe dio :"Oso maila altuan garatua dago zementu hidraulikoa ekoizteko industria. Sei lantegi daude, eta hauek dira: Eusebio Gurruchagarena, Niceto Aranguren-ena, Olave y comp-ena, Juan Uriarterena, Corta y Comp jaunena eta Echeverria, Echave eta Comp jaunena. Bataz beste, guztiek 4, 6 edo labe gehiago dituzte; mugitzeko indarra, batzuetan hidraulikoa da eta besteetan lurrunezkoa. Indar horiekin ehotzeko makinak eta bestelako gailu mekanikoak  mugitzen dira. Makina bakoitzak  20 edo 30 langile ditu lanean, eta lantegi bakoitzaren bataz besteko ekoizpena da eguneko 500 zaku, 69 kilokoa bakoitza. Guztira 160 langile inguru ari dira eta eguneko ekoizpena 3000 zaku da, 69 kilokoa bakoitza, horrek guztira egiten du 20.700 kilo eguneko ”. 

Garai horretan, Corta y Cía-k Agote auzoko instalazioak berritu zituen, eta lantegi berri bat eraiki zuen etenik gabeko 8 labekoa, labeetan egositako harria ehotzeko 5 errotarri parerekin eta Morel motako errota batekin, horizontala eta birakaria, barnean burdinazko bolak zituena, seguruenik ere inguru horretan jarri zen mota horretako lehena.  Lantegi honek errotak mugitzeko lurrun makina bat zuen. Makina hori Elgoibarko Barrena zentraletik ekarritako argindarrak ordezkatu zuen, eta ondoren Babcock-Wilcox Galdara bat ere gehitu zitzaion. 

Bildutako informazioaren arabera, tuparriaren harrobitik lantegirako garraioa trenbidez egiten zen, “sin fin” motako balazta zuen bagoi batean egiten zen (aldapa oso handia zelako zuen balazta hori) 5 tonako kapazitatea zuen. Gainean gizon bat edo bi joaten ziren, eta 80 metroko tunela pasaz labeen goiko ahoraino iristen zen. Egunean 8 bidai egiten zituen. Bagoia, hutsik, idi batek igotzen zuen harrobira. Sistema horrekin jarraitu zuten  XX. mendeko 50eko hamarkada arte. 

Sortu zen azkeneko lantegia “La Carmen” izan zen 1900 urtean, Gracian Alberdirena, Arroa auzoan Azpeitia eta Bilbo-Donostiarako errepideak gurutzatzen diren gunearen aldamenean. Hasieran zementu naturala egiten zuen, eta inguruko dinamikoena zen, eta lehenengoa izan zen Portland zementua egiten, 1934an, eta izena hainbatetan aldatu ondoren Cementos Rezola S.A. taldean sartu zen. (3)

 

(1) Odriozola Oyarbide, Lourdes. Zumaya. Historia.

(2) Mañé y Flaquer. Visita al País de los Fueros. 1876. Villar argitaletxea.

(3) Archivo Cementos Alberdi. Arroa.