Ekoizpen baliabideak

Oro har, usadiozko forjari eta burdin saregileen lantegia nahiko txikia eta iluna izaten zen, sutegiak sortzen zuen kedarra urteetan zehar horma nahiz leihoetan pilatzen baitzen. Izan ere, iluntasunari esker, forjariak gori-gori zegoen burdinaren kolorea eta tonua ezberdindu zezakeen. Gaur egun ere, forjarien lantegiak txikiak eta ilunak izaten dira, gehienetan etxepeetan eta estalpeetan kokatuta egoten direnak.

Forjariek sutegia, ingudea eta era guztietako mailuak, kurrikak, trokelak eta bestelako erremintak erabiltzen zituzten jardunerako. Sutegiak adreilu trinkoz egiten ziren, 1 eta 1,5 m arteko zabalera eta antzeko sakonerakoak. Adreilu horien erdian sua pizten zen, harrikatza erabiliz. Sua biziagotu eta burdina forjatzeko adinako tenperatura lortzeko (1.000 ºC baino gehiago), azpiko aldetik haizea ematen zitzaion. Horretarako altzairuz eta larruz egindako hauspo handi bat izaten zuten, kate eta pertika bati esker eskuz eragiten zena.

Ikatzak kanpotik surik har ez zezan eta erregaia trinko mantentzeko, noizean behin ureztatu egiten zen. Horrela kanpoko geruza babesle bat sortzen zen eta ikatzaren barneko tenperatura handitu egiten zen. Askotan sutegia horma bati atxikita egoten zen, nahiz eta batzuetan lantegi erdian ere egoten zen.

Sutegiaren ondoan altzairu urtuz egindako ingudea kokatzen zen, 200 kg ingurukoa. Ingude hori egur enbor lodi baten gainean finkatzen zen, lurretik 75 zentimetrora. Goiko aldea laua izaten zuen, eta ertz bakoitzean irtengune bi: bata adar formakoa eta bestea karratua, materialak lantzerakoan horiek lautu, tolestu, kurbatu, luzatu eta bestelako eragiketak egiteko. Horrez gain, gainazalean bi zulo izaten zituen. Izan ere, hainbat prozedura egiteko, ingudearen zulo horietan beste tresna batzuk sartu behar izaten ziren. Ingudea forjariaren benetako lan-mahaia zen, eta artisauak, materiala mailuarekin kolpatuz, burdinari nahi zion forma ematen zion, horrela lan gehienak eginez.

Lantegiko instalazioak osatzeko, oindun edo forjaketarako tornuzila erabiltzen zuten: mahaiko tornu bat da, azpiko aldean zuzenean lurrean finkatzen zen metalezko barra bat duena, euskarri batekin helduta. Horri esker, piezari emandako mailu-kolpeak ondo jasaten ditu tornuzilak.

errementariaGaur egungo errementariek usadiozko lan-tresna eta baliabideak erabiltzen jarraitzen dute.

Elgoibarko Pedro de Marigortak 1558an Eltziegoko parrokiarako egindako burdin sareaElgoibarko Pedro de Marigortak 1558an Eltziegoko parrokiarako egindako burdin sarea. Barra borobilak egiteko, Euskal Herriko sutegietan gurpil hidraulikoek eragindako mailuak erabiltzen ziren. Jarraian, burdin saregile maisuak burdin sarea eta balaustreak egiten zituen, eta barrei metalezko xaflak soldatzen zitzaizkien kalda teknika erabiliz. Jarraian, seguru asko hotzean eta zizela erabiliz, akanto hostoen ertzak eta ebakidurak egiten ziren, lokotsak eskuratu arte. (1)

Burdin saregileak mailu mota asko erabiltzen ditu lanean, forma guztietako burua dutenak. Horrez gain, era guztietako ahoak dituzten kurrikak ere erabiltzen ditu, horrela edozein material heltzeko. Zizel edo taielak ere erabiltzen ditu, baita estanpa edo trokel ugari ere: horietako batzuek egurrezko kirtena izaten dute, eskuz lantzen ari den barraren gainean jarri eta mazo edo mailuekin goiko aldean kolpatu ahal izateko; eta beste batzuk, berriz, ingudeko zuloetan sartzeko moduko irtenekin. Erreminta batzuk lantegi espezializatuetan erosten zituzten, baina gehienak burdin saregileek beraiek egiten zituzten.

Horri dagokionez, burdin saregileek abantaila zuten beste lanbide batzuekin konparatuz. Izan ere, burdina eta altzairua lantzen zekiten, eta erreminta gehienak material horiekin egiten zirenez, lan-tresna gehienak beraiek egin zitzaketen.

Gaur egungo burdin saregileek antzeko instalazioak erabiltzen jarraitzen dute: besteak beste sutegia eta ingudea erabiltzen dituzte, baina horiez gain makina berriak ere erabiltzen dituzte, esaterako zulatzeko makinak, trontzatzeko makina, kurbatzeko makina, soldatzeko makina elektrikoa eta gabia, azken hau barra lodiak eskuzko mazoarekin kolpatu behar ez izateko. Halaber, eskuzko mailu asko erabiltzen jarraitzen dute, baita estanpak, txantiloiak eta kurrikak ere. Hori dela eta, lanak oraindik oso artisaua izaten jarraitzen du.

 

(1) Elgoibar: De las Ferrerías a la Máquina-herramienta. Luis Maria Ecenarro Osoro. Kutxa Fundazioa. 1996.