Elgoibarko organu lehiatua

1840ko abenduaren 13an, gobernazio ministroak, desamortizazio-legeak aplikatuz, Gipuzkoan, gizonezkoen komentu eta erlijio-erakundeak ixtea agindu zuen.

Hiru egun geroago, Gipuzkoako Besterentze Batzordeak, Elgoibarko alkateari eskatu zion San Frantzisko komentua itxi eta bertan zeuden ontzi santuak, eliz jantziak, altzariak, etxea, baratza, erroldak eta komunitatearen bestelako ondasunak inbentariatzea, Estatuaren eskuetara pasatzeko.

Bi urte igaro eta handik gutxira, 1843an, Pasaiako Udalak honakoa eskatu zion Ondasun Nazionalen Administratzaileari: Elgoibarko San Frantzisko komentu zaharreko organoa, erabiltzen ez zena, San Pedroko parrokia-elizara eramatea. Administrazioak inolako arazorik ez zegoela erantzun zuen, betiere honako arauak onartzen bazituzten:

  • Organoa gordailuan uzten dela ulertzea.
  • Organoa desmuntatu eta Elgoibartik Pasai San Pedrora garraiatzeko gastuak Pasaiako Udalak ordaintzea.
  • Organoa beti Gobernuak emandako aginduen arabera egotea nahiz eta Pasaiako udalaren eskuetan egon, eta
  • Organoa behar bezala zaintzea. Akatsik balu, konponketak egitea, betiere egungo egoeraren inbentario zehatz bat egin ondoren. Halaber, udalak ezingo du konponketa horiek gastuak Administrazioari erreklamatu.

Pasaiako Udala ados azaldu zen, eta ondorioz organoaren entregaren xehetasunak eskatu zituen.

Baina Elgoibarko Udala ez zegoen prest bere organoa galtzeko, herriko parrokian jartzean nahi baitzuen. Eustakio Amilibia administrariari 1841eko irailaren 29an emandako erantzunean, Udalak aldez aurretik organoa herrirako eskatu zuela argitzen zuen, baina ez zuela eskaria berriz errepikatu “Jaun Hori ez gogaitzearren”. Bertan erregutzen zion organoa Elgoibarko Udalari esleitzea, Pasaiako Udalari eskaini zioten baldintza beretan. Horretarako honakoa argudiatzen zuen: organo hori duela berrehun urte baino gehiago, herriko ongileei esker egin zela herritarren mesederako, eta Udaleko dokumentuetan hori jasotzen zela azaltzen zuen.

Administrazioak ez zuen eskaria onartu eta organoa Pasaiako Udalari esleitzea erabaki zuen. Horretarako jarri zuen aldaketa bakarra, organoa aldez aurretik tasatu eta udalak prezioa eskura ordaintzea izan zen. Elgoibarko Udalak San Bartolomeko abadeari jakinarazi zion gertatutakoa.

1843ko ekainean, Ondasun Nazionalen Batzordeak erabaki zuen organoa Pasaiako Udalari dohainik uztea. Hori ikusita, Elgoibarko Udalak adierazi zuen, 1835eko irailaren 9ko errege-ordenari jarraiki, itxitako komentuko eliz jantzi eta ondasun guztiak orduan inbentariatuko zirela, horien artean organoa. Baina Elgoibarko Udalaren hitzetan, beti egon zen organoa, aldez aurretik tasatu ondoren, erosteko prest. Eta "egun haietan" organo hori erosteko diru nahikoa ez bazuen ere, herritarrek organo hura egiteko egin behar izan zuten ahalegina kontuan hartzeko eskatzen zuen, eta horregatik, parrokia nagusian zegoen organoa, dagoeneko hondatua zegoena, organo harekin ordezkatzea.

Pasaiako Udaleko ordezkariak Elgoibarrera organoa eramatera iritsi zirenean, Elgoibarkoek ez zieten organoa eman nahi izan. Amilibia administrariak Elgoibarko udalari idatziz jakinarazi zion ez zuela Batzorde Gorenak xedatutakoa aldatzeko botererik, eta erabat harrituta zegoela organoa ez zietelako haraino joandako batzordeari eman (Udala kontra zegoelako), eta oraindik ere harrituagoa zegoela Elgoibarko Udalak betidanik Erregearen aginduak beti errespetatu izan zituztela ikusita.

Baina gutun hori erantzuteko betarik izan baino lehen, beste gutun bat iritsi zen Elgoibarko Udalera. Bertan, Kalagorriko Gotzaindegiko gotzai-epaileak organoa Elgoibarko parrokian erabiltzeko eskaria onartzen zuen. Udalkideek, erabakiarekin pozik, gestioak azkar egiteagatik beren eskerrik onenak adierazi zizkioten bikarioari.

Azkenean, administrariari erantzun bat bidali zitzaion, eta Kalagorriko Gotzaindegiko Gobernadoreari beste gutun bat. Bertan, biei gogorarazten zitzaien, irailaren 9ko errege-ordena zela eta, bikarioaren baimenarekin San Bartolome elizako parrokoari eman zitzaizkiola ontzi santuak, eliz jantziak, organoa eta komentuko beste ondasunak.

Gotzai-epailearen baimena jaso ondoren, bazirudien arazoa konpondu zela, baina ez zen hala izan. Oraindik azken hitza esan gabe zegoen. Izan ere, probintziako Politika Goi Buruak jakinarazi zuen Ondasun Nazionalen Batzordeak organoa Pasaiako Udalari esleitu ziola, eta udal hark kaudimen eza adierazi zuenez, ez zuela organoaren gasturik ordaindu behar. Politika buruak Elgoibarreko Udalari eskatu zion organoa non zegoen esatea, baita oraindik ere komentuan bazeukaten edo herritarren batek bazuen jakinaraztea. Horrez gain, organoa Pasaiara eramateko horrenbeste traba nork eta zein ordenaren arabera jarri zituen jakinaraztea eskatzen zen. Horrela, Nagusiak xedatutako agindua bete nahi zen.

Berriz ere pertsona berak erantzun zuen gutun hura. Bertan adierazi zuen, Elgoibarko Udala prest zegoela organoa erosteko, betiere aldez aurretik tasatu ondoren, eta Pasaiako Udalak bezala, ezer ordaindu gabe. Politika buruak ez zuen hori onartu, eta adierazi zuen herritarrek organoa herrian izateko interesa bazuten, hura ordaintzeko dirua bildu zezaketela. Eta baita ere adierazi zuen ez zuela neurri gogorrik hartu nahi, eta beraz, azken aldiz herritarren laguntza eskatzen zuela. Gutun hura Kalagorriko Apezpikutzako Gobernadoreari bidali zion, honek hartutako erabakiak Politika Buruari jakinarazteko.

Baina Politika Buruaren pazientzia aipatu berri dugun gutunean zirudiena baino handiagoa zen. 1845eko ekainaren 1ean, udalbatzan Politika Buruaren mezu bat irakurri zen. Bertan, Politik Buruak adierazi zuen, xedatutakoari jarraiki, organoa ez bazuten entregatzen, udal-zinegotziek denen artean 500 errealeko isuna ordaindu beharko zutela. Ekainaren 22an beste gutun bat bidali zuen, eta bertan adierazi zuen organoa Elgoibartik San Pedrora eramaten ez bazen, Elgoibarreko Udalari isuna jarriko zitzaiola.

Elgoibarko udalkideek, dagoeneko nekatuta, arazoa Bikarioaren eskutan utzi zuten, hark jaso baitzuen organoa gordailuan eta instrumentua San Bartolomeko parrokoari eman baitzion "berak bakarrik baitaki egoera Politika Buruari azaltzen eta, beharrezkoa izango balitz, Donostiako batzarkideekin elkartu baitaiteke arazoari buruz hitz egiteko.(1)

Beraz, argi geratzen da Udalek garrantzi handia ematen zietela organoei. Horrenbeste buelta eman ondoren, azkenean arazoa konpondu egin zen. Organoa ez zen Pasai San Pedrora joan, baina Elgoibarren ere ez zen geratu. Azken gutuna bidali zenetik 14 urte igaro ziren dagoeneko, eta eliz jantziak, ontzi santuak, kanpaia eta organoa Francisco Lizarriturri parrokoaren babespean gordeta zeuden. 1859. urtean, Arantzazuko Ama Birjinaren komentuko fraideek Elgoibarko komentuko ondasun haiek eurentzako eskatu zituzten. Kalagorriko Gotzaindegiko Eliza-gobernadoreak eskakizuna onartu zuen, eta inbentarioa egin ondoren, Elias Arregi Arantzazuko Santutegiko kapilau nagusiari eman zitzaizkion 19 urtez gordeta eduki ziren ondasunak.

Horien artean zilarrezko kaliza eta kopoi bat, meza-jantzi bat, dalmatikak, albak, hiru aitorleku, hainbat banku “gizonezkoentzako bizkarraldeekin”, hamaika arroako kanpaia eta horrenbeste auzi eta eztabaida eragin zituen instrumentua, organoa zeuden. Azken hau berri-berri zegoen oraindik.(2)

 

(1) CONVENTO DE SAN FRANCISCO DE ELGOIBAR . Koldo Lizarralde Elberdin. Elgoibarko Udala 1990

(2) A.H.P.G.O. L-1 -4487, folio 412.