Enkantea

Jose Angel Kerexeta Urrestik, Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiaren bentero izanak, honela gogoratzen du enkante bat.

Ontzia kaira iristen zenean patroiak kaxa bat bidaltzen zuen bentalekura, hartutako arrainaren lagin batekin, antxoak, sardinak, berdelak, txitxarroak eta abar izan zitezkeen eta. Hegaluzeen edo hegalaburren kasuan, lagin horretan ale pare bat besterik ez zen bidaltzen. Laginak benteroari aurkeztu, eta saltzeko zenbat kilo produktu zegoen ematen zioten aditzera, produktuaren ezaugarriekin batera, adibidez: 3.000 kilo antxoa eta 28 pieza kiloko.

Enkantea hasteko prezioa benteroak ezartzen zuen, eta horrela da gaur egun ere; horretarako, aurreko egunetako edo mareetako kotizazioa hartzen zuen kontuan, eta kostaldeko beste portu batzuetan finkatutako prezioak halaber. Irteerako prezioa finkatzeko zailtasun handiena kanpaina edo kostera bakoitzaren hasieran izaten zen, artean ez baitzegoen jarri beharreko preziorako erreferentziarik. Eragin handia zeukan, era berean, arrantzaren zenbatekoak, hau da, arrain asko edo gutxi harrapatu zen.

Benteroak, enkanteari hasiera emateko, honela zioen esate baterako: “Jaunak, 3.000 kilo antxoa daude saltzeko, 28 pieza kiloan, halako ontzi edo arrantzalearenak. Kiloa 10 pezetan jarriko da, salmenta hasteko”. Une baten ondoren, eta erosleetako inork botoia sakatzen ez zuela ikusita, benteroa prezioa jaisten hasten zen, hamar pezeta-zentimo merkeago kantatuz bakoitzean: “9,90 / 9,80 / 9,70 / 9,60...” harik eta arrapalan behera zetorren zurezko bola baten zarata entzuten zuen arte. Orduan bolaren zenbakia ikusi, eta titularrari kantitatea galdetzen zion, hau da, hasieran aipatutako 3.000 kilo horietatik zenbat erosi nahi zituen. Datuak eman eta idazkariak horiek jaso ondoren, benteroak enkantearekin segitzen zuen, geratzen zen kilo kopururako, hurrengo bola erori arte; eta horrela segitzen zuen, 3.000 kiloko kopurua amaitu arte. Benteroak, kasu honetan Jose Angel Kerexetak, albaranak ematen zituen, kiloak eta prezioa adieraziz interesdun bakoitzari (saltzaileari eta erosleari), luma eta tintaz idatzita. Dioenez, kontuak egiteko ez zeukan kalkulagailurik, dena buruz egiten zuen, eta buruz egiten zituen egiaztapenak ere, oso sistema pertsonala erabiliz horretarako.

1975eko urtean zurezko bolen sistema kendu eta “erloju” edo erruleta elektriko moduko batez ordezkatu zuten; horrek bi bateria zeuzkan, eta erosleen pultsadore edo botoiak elektronikoak ziren.

(Argazkiak: Manu Vazquez)(Argazkiak: Manu Vazquez)

Gaur egun sistema elektronikoa da, baina badira salmentari buruzko datu guztiak, ontziaren izena, arrain mota eta kalitatea, eta salmentarako den kilo kopurua, ageri diren pantaila digital batzuk ereBeste pantaila batean, hasierarako ezarritako prezioa ageri da, modu digitalean, eta euro-zentimoz euro-zentimoz jaisten da prezioa; adibidez, 2 euroko prezioan hasten bada, hurrenak 1,99 / 1,98 / 1,97... dira. Horixe zen Jose Angel Kerexeta benteroak hitzez egiten zuena.

Funtsean, arrain enkanteek antzinako metodo berari segitzen diote gaur egun, hau da, prezio altu batez hasten da salmenta, eta beherantz abiatzen da hurrena, erosle batek prezio hori onartzen duen arte. Errepikatu behar dugu, baina, enkantearen garapena duela mende bat baino gehiagokoaren antzekoa den arren, aldaketa soziologiko eta teknologikoak oso garrantzitsuak izan direla. Arrantzaleek eta portuko langileek lana arinago egiten dieten bitartekoak dauzkate gaur egun. Arraina bai ontzi barruan bai lonjetara eramateko unean manipulatzeko lanabesek nabarmen murriztu dituzte garai bateko eskulanak.