Enpakatzaileak

Freskoko arrasteko flotaren zerbitzurako jarduera hau bakar-bakarrik Ondarroako portuan ikusten da. Horren atzean egon daiteke, agian, arrantza modalitate horrek Bizkaiko portu horretan duen garrantzi handia. Eskura diren informazioen arabera, XX. mendearen amaiera aldean 90 ontzi zeuden eta, AZTIren arabera, 2009ko abenduan 50 eta 2012ko apirilean 30 ziren. Jaitsiera izugarri hori ez da gelditu, eta eragin zuzena izan du enpakatzaileen kopuruan, ezen 200/250 inguru izatetik 35era jaitsi da.

Ontziak Ondarroako portura iristen eta arraina enpresa armadore bakoitzaren lonjetara eramaten denean hasten da enpakatzaileen lana; hauek arrain-kaxak pisatzen dituzte, banan-banan, sailkatzen dituzte, arraina aldatzen dute eta hurrengo eguneko salmentarako prestatuta lagatzen dituzte. Zapo, merlenka, legatz, oilar eta mihi-arrainaren kasuan, neurriaren arabera sailkatzen dituzte gainera. Enpakatzaileak lehen aipatu ditugun enpresen lonjetan aritzen dira lanean, eta inork nahi baino gehiagotan gerri eta bizkar aldeko gaitzak izaten dituzte azkenean. Normalean iluntzean hasten dira lanean, hain zuzen hurrengo egunean, eguna zabaltzearekin batera, dena prest egon dadin arraina saltzeko. Lanean 6/8 laguneko taldeak aritzen dira, enpresa berarentzat normalean.

Enpakatzaileak. 1952Enpakatzaileak. 1952

Enpakatzaileak beren lana amaitu ondoren, 1950.Enpakatzaileak beren lana amaitu ondoren, 1950.

Enpakatzaileen Gizarte Segurantzako afiliazioa historia luzeko kontua da, Unión Sindical de Armadores-en eta Instituto Social de la Marina-ren arteko itunetik ISMk 1987ko akordioa salatzean izandako hainbat jarduerataraino iristen baita. Gaur egun emakume gehienak autonomoak dira. Urtean lau bat hilabete egiten dituzte lanean, eta batez beste 4.000 euro jasotzen dituzte urtean.

2004an Ondarroako enpakatzaileek “ONE Ondarruko Neskatilen Elkartea” jarri zuten martxan; dena den, esan behar bere buruari ‘neskatila’ izena ematen dioten enpakatzaileak direla.

Enpakatzaileak beren lana amaitu ondoren, 1950.Enpakatzaileak beren lana amaitu ondoren, 1950.

Enpakatzaileen etorkizuna zalantzan dago, batez ere gure kostaldeko portuetan itsas zabaleko freskoko arrantzan ari den ontzi kopuruaren jaitsiera izugarriarengatik. Gauza positiboen artean aipatu behar ontzi horiek arrantzatuak eskaera handia duela, komertzializazio enpresen aldetik, eta horrelakoetan poliespanezko kaxa txikietan paketatu behar izaten dute produktua.

Enpakatzaileak 1960Enpakatzaileak 1960

Lanaren orduko prezioa enpakatzaileek berek finkatzen dute; 2007an 11 eurokoa zen.

Enpakatzaileak 1952Enpakatzaileak 1952

Profesional hauek, neskatilek eta enpakatzaileek alegia, adierazpide eta portaera propioak dauzkate, ohikoak inolaz ere lanean aritzen diren portuetan.

Oharrak

Lan hau idazteko oso baliagarriak izan zaizkigu honakoak:

  • AZTIren 2009ko abenduko txostena, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailarentzat egina, “Iniciativas para la mejora de las condiciones sociolaborales, reorganización y dinamización de los gremios de rederas, neskatillas y empacadoras de pescado” izenekoa.
  • Ondarroako neskatila eta enpakatzaileek emandako informazioak.