Enrique Pascual Auba

Donostian jaioa, 1947an. Bokazioko itsasgizonaren adibide dugu, modelogile ikerlari eta baporeetan espezializatutako sortzailea izateaz gain. Liburutegi eta fototeka garrantzitsua dauka, itsas historia eta eraikuntzari buruz, urteetan zehar osatuz joan baita. Koadernaketarako duen zaletasuna eta abilezia ere aipagarriak dira.

Gazte-gaztetatik itsas zaletasunak barrena hartua ziola, marianistetan batxilergoa amaitu eta Bilboko Nautika Eskolan sartu zen, egungo Goi Mailako Eskolan alegia. 1969an agregatu gisa ontziratu zen Campsaren ontzi batean, eta 1972an, pilotu lanetan jada, “bakailao kanpaina bat” egin zuen Ternuan Pysberekin. 1975az geroztik kapitain, jarduera honetan aritu zen hamazazpi urtez, batez ere zura garraiatzen zuten eta Afrikako mendebaldeko kostaldetik (Dakar, Angola ...) portu espainiarretarako, nagusiki Valentzia eta Palamoserako eta, neurri txikiagoan eta besteak beste, Santander eta Pasaiarako bidea egiten zuten ontzietan. Enrique Pascualek gogoan ditu zura garraiatzen duten ontziak zamatzeko lanaren nekeak, ezen pisua, bolumena eta egonkortasuna bateratu beharra izaten da. 1994an Pasaiako portuan hasi zen portu-gidari gisa, eta lanbide horretan jarraitzen du gaur egun ere.

Enrique Pascual AubaEnrique Pascual karga eta bidaiarientzako kostako bapore-ontzi baten armazoiaz.

 

Bokaziozko modelogilea

Enrique Pascuali buruz, itsas gizon izateaz gain bokaziozko modelogilea ere izan dela esan dezakegu, zeren eta gazte-gaztetatik, 14/15 bat urte zituenetik alegia, berunezko gerraontzi txikiak eraikitzen zituen.

Lanbideak itsas bidaia luze samarretara eraman zuenean zaletasuna lantzen jarraitu zuen, eta beti zeuzkan berekin ontzigintzari buruzko liburuak eta modeloak egiteko behar zituen lanabesak; asti pixka bat izan orduko, modelogintzan murgiltzen zen.

Modelista donostiar honek, sekula ez du bere lanik saldu, uste du zaletasun hau lantzen dutenetako batzuek “bere burua asebetetzeko” egiten dutela neurri handi batean, “beste ezer gogoan izateke alegia”. Modelo onak lortzeko, eskuzko abilezia handia eta pultsu ona behar direla uste du, eta hauekin batera inolaz ere pazientzia eta “gustura lan egitea”.

 

Modeloak eta produkzio prozesua

Aurreratu dugun moduan, Enrique Pascualek beti-beti baporeak lantzen ditu, baina bere jardueraren ezaugarri nabarmenena “ontzi idealaren” bilatze etengabea da. Hau da, ontzi historikoak oinarri harturik, ez da zehatz-mehatz horien erreprodukzioa egitera mugatzen; oso bestela, ontzi horietan egokien ikusten dituen berrikuntzak sartzen ditu.

Lan egin nahi duen ontzia aukeratzeko, lehenik planoak aztertzen ditu edo, hala egokituz gero, hauek gauzatzen hasten da (forma eta eite orokorra), egokien ikusten duen eskalan, 1/60koan gehienetan; gero pieza bakoitzarenekin hasten da. Zati bakoitzaren eraikuntzak zorroztasuna eta prozesu arretatsua behar duen lana da, eta etxean jarrita duen lantegian egiten du, makina sinple batzuen, hala nola zinta-zerraren eta mahaiko zulatzeko makinaren laguntzaz.

Erabiltzen dituen lanabesak ebanistek erabili ohi dituztenak dira, batzuetan dendetan erosiak eta beste batzuetan berak eginak gainera. Aipatu lehenei dagokienez, teknologia maila handienekoak alemanak dira, eta bere bidaietan zehar erosi izan ditu Enrique Pascualek.

Muntatzeko lanak ontzigintzako arotzek zituzten jarraibide berberak betetzen ditu, eta funtsean honako fase hauetan zehar gauzatzen da:

  • Ontzibularra eta gila zati batzuk muntatzen dira lehenik.
  • Zuakerretako bakoitza bere aldetik egin ostean, gilaren gainean dagokien tokian finkatzen dira, banan bana.
  • Zuakerrei habetzanen bidez eusten diete.
  • Zurkaitzak kendu eta modeloa gradatik ateratzen da hurrena.
  • Barne azala jarri eta
  • Barrutik eta kanpotik miztilutzen da, estanko egitearren.
  • Gero, apaintzeko, pintatu egiten da.

Eraikitako modeloak honetarako propio egindako urmael txiki batean probatzen dira.