Erabilera arauak eguneratzea

Leintz Gatzagan (Gipuzkoa) gatza egiteko zegoen gatzaga eta dorla makina multzoen akziodunak 1744ko urtarrilaren 22an batzartu ziren arau berriak egiteko asmotan, enpresaren interesen aurkako nahasmendu handi samarra antzemana baitzuten, egunero gertatzen ziren borroka, eztabaida eta ihesak zirela medio, jabeek lantegiaren erabilera zuzenerako 1543an emanak eta 1692an berrituak zituzten arauak ez baitzituen inork ere errespetatzen, eta hargatik hauxe ebatzi zuten:

Dorla horietan egiten den gatzaren neurketa aldakorra bezain engainagarria gerta daitekeenez, jar bitez dorla edo gatza egiteko makina horietan lau laurdeneko, bakoitza lau lakarikoa, era horretan lau laurdeneko horiek berdinduta 16 lakari osa dezaten, eta horiekin neur bedi egiten den gatz guztia”.

“Dorla horietan txandaka lan egin bedi zotz eginda, eta molde berean egindako gatza eta gatzarria saldua izan bedi, bi dorla soilik txanda gordetzen ari direlarik, eta inork gatzik saldu edo ematen badu dorla horietan, berari dagokion txandaz edo aldiaz kanpo, ordain beza anega bakoitzeko 6 erreal kuarto, eta hala gertatzen denerako zigortutzat joa izan bedi, gisa horretan eragotzi daitezen dorla horietan gertatzen ziren iruzurrak eta ohoinkeriak”.

“Dorla horien jabeek, ugazabek edo maizterrek ez bezate gatz hori egin egurra gurdika harturik, baizik orain aspaldi ez dela usadioz ezarria den sua erabilita, eta horren aurka egiten duenak ordain beza 2 errealeko isuna era horretan erosten duen gurdikada bakoitzeko, eta diru horiek banatu bitez zatihartzaile guztien artean berdin”.

“Izan ere, egurra neurriz gaindi erabiltzeak dorla horien jabeei eta gidariei kalte larria sortzen dielarik, txingarra eta iduria erakuntza ez begirunerik gabe emateaz ohartaraziak izan bitez bertan lan egiten duten emakume guztiak, ez dezaten hemendik aurrera halakorik egin, dorlaren jabearen baimena izan ezik, bestela txingarra eta iduria ematen duten bakoitzeko haien lansaritik erreal kuarto bat kenduko baitzaie, eta beste horrenbeste gatza ematera ausartzen bada, beste erreal bat laurden bakoitzeko”.

“Dorletako zatihartzaile bakoitzak eduki beza giltza bat, bere lepotik ordaindua, gesal putzua irekitzeko, gisa horretan putzua garbi egon dadin eta norbere txandan gatza egiteko beharrezkoa den bakoitzean soilik ireki dadin”.

“Dorla horien jabeek eta errentariek har bezate garaiz norberaren txandarako behar beste egur, baina ekaitzagatik edo inoren erruzkoa ez den beste istripu bategatik, norberari dagokion txandako astean gatza egiteko aski ez badu, joan bedi dorlara lan egitera ahal duena, betiere gogoan izanik hurrengo txanda hasi baino lehenago egurra eskuratzen badu, bere astea egiteko aukera eman behar zaiola, bestela eginda hari sortzen zaion kaltea saihesteko.”

Hori hitzartzeko adostu, eztabaidatu eta izendatu zituzten dorla horien etxezain Martin Ymaz eta Felipe Oyanguren, Leintz Gatzagako dorlen xedeak zuzen zitzaten, eta emandako arauak aintzat hartzeko hitza emanik (1).

 

(1) Oñatiko Gipuzkoako Protokoloen Artxiboa, 908 paper sorta, 9. orria.