Erauzketa

Meatzeak zementu lantegiek beraiek erauzi zituzten gehienbat, eta horretarako erabilitako teknikak nahiko soilak izan ziren, eskuzko erremintak bakarrik erabili baitziren. Adibide gisa, 1956an, meatze batek bakarrik zuen elektrizitatea.

Bertako meatzetan lan egin zutenen arabera, meatze bakoitzak meazulo nagusi bat zuen, ikatz geruzen zut. Ikatz geruzak zeharkatzeaz gain, meazuloa aldapa gorantz egiten zen, ura errazago ateratzeko. Meazulo hori oso estua zen, gutxi gorabehera 1,50 metro zabalerakoa eta 1,70 metro altuerakoa izaten zen, eta sabaia akazia edo pago zurezko eskorekin heltzen zen. Meazulo sakonena San Fermin meatzekoa zen. 350 metroko luzera zuen, eta ondorioz aireztapen arazoak izaten zituen. Errepide azpitik pasatzen zen aipatutako meazuloa, eta Uriarte Zubimendi y Cia. zementu fabrikak ustiatzen zuen.

Meazulo horrek ikatz geruzak zeharkatzen zituen puntuan, handik bi meazulo txikiago ateratzen ziren norabide perpendikularrean, bat eskuinera, eta bestea, ezkerretara. Biek mineralaren geruza jarraitzen zuten, eta bertan erauzten zen lignitoa.

Minerala dinamitaz erauzten zen. Horretarako zulo horizontal bat egiten zen meazulo aurrealdean, laztabina edo pistoleta erabiliz (hexagono formako haga, ertz bat zanpatua eta zorrotza zuena. Errementari batek askotan forjatu, tenplatu eta zorroztu behar zuen).

Langile batek laztabina heltzen zuen, eta bitartean, beste bik txandaka borraz kolpatzen zuten. Batek laztabina kolpatzen zuen bitartean, besteak laztabina biratzen zuen. Hasieran laztabin motza erabiltzen zuten, baina zuloa erdi-egina zegoenean, laztabin luzeago bat jartzen zuten. Egin beharreko zuloa metro bateko sakonerakoa izaten zen. Bertan, artillariak dinamita sartzen zuen, beste langileek beste meazuloetan zulo gehiago egiten zituzten bitartean.

Leherketak ez ziren intentsitate handikoak izaten, eta eguerdiko hamabietan egiten ziren, bazkalorduko atsedenaldia egin baino lehen. Horrela, berriz lanean hasten zirenerako, ez zegoen ez kerik ezta gasik ere meazuloetan, eta langileak inolako arriskurik gabe sar zitezkeen meatzeetan.

Langile batek minerala pikotx batekin erauzten bukatzen zuen, eta beste batek, borra batekin mineral puskak txikitzen zituen, 2 kilo inguruko pusketan utzi arte. Jarraian, ikatza palarrekin (pertsuna) gaztainondoz egindako saskietan (kapalotarrak) zamatzen zen. Askotan, lignitoarekin batera harriak ere erauzten ziren, eta handienak eskuz bereizten ziren.

Mineralez zamatutako saskiak alboko meazuloetako lurretik herrestan eramaten ziren, banan-banan, meatzari batek gako batetik tiratuta. Saskien azpiko oinarria ez higatzeko, burdinazko bi zumitz jartzen zitzaizkion, horrela oinarria sendotzeko. Saskiak meazulo nagusira iristen zirenean, saskiak bagoitxo baten husten ziren (zortzi eta hamar saski bitarteko edukiera izaten zuena). Langile batek, meazuloa aldapa behera zegoela aprobetxatuz, bagoia errailetatik bultzatu eta kanpora ateratzen zuen.

San Pelaio meatzeanSan Pelaio meatzean lignitoa garraiatzeko erabiltzen zen bagoia. (Argazkia Javier Carballo)

San Pelaio meatzean erabiltzen zen bagoia, oraindik ere gordeta dago, eta 2,20 metro luzera eta 0,70 metro zabalerako egurrezko plataforma bat dauka. Kartolak, egurrezkoak, 45 zentimetroko altuera dute. Bagoiak lau gurpil ditu, 40 zentimetro zabalerako trenbide batetik igarotzeko eta tona bat mineral eramateko moduan.

Askotan errailetatik ateratzen ziren, eta meatzariek minerala palaz atera behar izaten zuten, bagoia berriz ere errailetan sartu eta ondoren minerala zamatzeko. Lan-teknika horiek oso era ezberdinetan ebaluatu ziren. 1901ean, Zuaznabarrek (1) "lanak nahiko ondo egiten zirela” adierazi zuen. Baina azken ustialekuak itxi zirenean, emakidak alokatzen zituen enpresak honakoa adierazi zuen: “Ustiapena nahiko irrazionala izan zen, ikatzaren merkatuaren gorabeheren ondorioz etenaldi asko izan baitziren, eta baita ustiapenerako baliabide teknikoak oso eskazak zirelako”. 

Bagoia meatze sarrerara iristen zenean, bagoiaren alde batetik minerala biltegi estali batera botatzen zen. Horretarako, eskuzko erremintak erabiltzen ziren, eta ondoren, ikatz han bilduta geratzen zen, eraman beharreko lekura garraiatzeko momentura arte.

 

(1) Mariano Zuaznabar. Obra citada.