Erlezaina

Erleak apidoen familiako intsektuak dira, himenopteroen ordenakoak, 15 milimetro inguru luze eta kolorez nabar beltzaxkak; tronpa dute loreetako nektarra xurgatzeko, eta pozoi-guruinarekin (azido formikoa) konektatuta dagoen ezten atzeragarri bat daukate. Erlauntzetan bizi diren koloniak osatzen dituzte, eta horietan gelaxka hexagonalak egiten dituzte; erle arrazak eta barietateak asko eta asko dira.

Antzina, eta baita gaur egun ere, aditu askok aztertu izan dituzte intsektu hauek, eta gaur egun Antxon Aguirre Sorondok, ohi duen zehaztasunaren bidetik, iraganeko erreferentzia ugari eman dizkigu Euskonews aldizkariaren zenbait zenbakitan. Era berean, azpimarratzekoa da K.a. 5000ko labar-pintura valentziarra, ganaduzain batzuk bere abereekin eta beste batzuk abarasketatik eztia ateratzen ari direla agertzen baitira.

Erlauntzetan hiru erle klase edo kasta bizi dira: langileak, erlamandoak eta erregina. Lehenak eme antzuak dira, eta oso ugariak; lan asko egiten dituzte, besteak beste erregina erregina-jelez elikatzea bizitza osoan zehar. Buruko guruinetatik jariatzen duten elikagai hau ahora eramaten diote. Bigarrenek, mila inguru izaten dira eta neguan desagertu egiten dira, erregina ernaltzea dute eginkizun, eta konparazioan handiagoak dira neurriz. Erregina da eme emankor bakarra, eta berak jartzen ditu prozesu konplexu baten ondotik (larba, ninfa, heldua) koloniaren jarraitasuna ziurtatzen duten arrautzak. Giro-tenperatura ere garrantzitsua da, zeren eta neguan egunean 100 arrautza txiki-txiki jartzetik udan 2.000/2.500 jartzera igaro baitaiteke. Bost urtez bizi daitezke, baina normalean bi edo hiru urte igarota izaten du, modu naturalean, ordezkoa.

Erleek etsai asko dauzkate, hala nola mikrobioak, artropodoak, ornodunak, eta baita gizakia bera ere, eta horiek erlauntzei eraso egin eta suntsi ditzaketenez, tratamendu egokiak aplikatu behar dira ezinbestean. Erleek ere erabiltzen dituzte propoliak, argizari izaerakoak, berez produzitzen dituzten zuhaitz-ernamuinetatik ateratzen baitituzte, erlauntzak bainatu eta, horrela, defenditzearren.

Erlezain tradizionalek, hau da, jarduera honetan adituak diren eskulangileek erleak zaindu eta mantendu izan dituzte betidanik, hain zuzen eztia eta argizaria aprobetxatzearren; duela denbora gutxi hasiak dira, halaber, polena, propolia, eta baita pozoia bera ere aprobetxatzen. Ezagunenetako bat Eugenio Elortza da. Honek Seguran (Gipuzkoa) egiten du bere lana.