Prozesua

Liburu bikain batek gogoratzen duenez, iraganean gizakiek seguruenik suntsitu egingo zituzten erleen bizilekuak eztia eskuratzeko. Denbora igaro ahala, horretarako teknikak hobetu egingo zituzten, beste jarduera tradizional guztietan gertatu den moduan.

Gaur egun erlezainek landare eta lore ugariko inguru naturaletan egiten dute lan; espazio hauek, udaberri / udan, erleen erakargarri izaten dira, bai bere kolore deigarriengatik bai gozagarri duten nektar tantengatik. Aipatu dugun liburuak dioenez, Martxel Aizpurua da egilea, erlea lorera iritsi eta zukua xurgatu nahian dabilenean, lorearen polen-aleak (alderdi maskulinoa) gorputzeko ileetan itsasten zaizkio, lore horrexen alderdi femeninoan uzten dituelarik, aldi berean, aurretik bisitatutako loreetan itsatsitakoak. Hala, nektar bila dabilen erleak ernaldu egiten ditu loreak.

Dokumentu honexek adierazten digunez, erleak erlauntzera itzultzen direnean gazte bati ematen diote bildutakoa, honek hurrena beste bati, harik eta biltoki izango den gelaxkara iristen den arte.

Eugeniok dioskunez, erleek gorputz azpian dauzkaten guruin batzuetatik ateratzen dute argizaria; honen produkzioa askoz handiagoa izaten da udan, 24 / 25ºko tenperatura denean.

Gogoratu beharrekoa da, baina, argizaria eta eztia ateratzen diren abaraskak basa-erleenak izan daitezkeela, zuhaitz zartatuetan edo harri pitzatuetan egoten baitira, edo erlezainak zaintzen dituen erlauntz artifizialetakoak. Lehen kasuan, behar bezala lan egin ahal izateko erleak atera egin behar dira bere bizilekutik; horretarako kea erabili ohi da. Erlezainaren jakinduria eta eskarmentua funtsezkoak dira eskuratu nahi dituen produktuak erlauntzari kalterik egiteke jasotzeko. Eskulangile hauek erabiltzen dituzten tresnak produktu horiek ateratzeko propio sortuak dira, eta jantzi eta mozorro bereziak ere erabiltzen dituzte erleen ziztadak saihesteko.

Erleek erlauntz ia-ia akasgabeak eraikitzen dituzteErleek erlauntz ia-ia akasgabeak eraikitzen dituzte. (Argazkia: Javier Carballo).