Erloju-Zaharberritzaileak

Erlojuek berebiziko garrantzia izan dute historian zehar, gizakiak beti izan duelako denbora neurtzeko premia. Eta premia horrek bultzaturik, hain zuzen, gizakiak era askotako tramankuluak asmatu ditu. Tramankulu horietako batzuk gerizpea zainduz neurtzen dute denbora; beste batzuk uraz baliatzen dira, Klepsidra deitzen zaienak, alegia; eta badira denbora hareaz neurtzen dutenak edota eguzkiaz baliatzen direnak: koadrante edo eguzki ordulariak.

Erloju mekanikoak asmatzearekin, XI. mendetik aurrera, erlojugintzaren aro berri bat hasi zen. Erlojuak egiteko, kontzeptu fisikoak eta matema-tikoak konjugatzen hasi ziren, eta mekanikoak: gurpilak eta pinoiak; hala, zehaztasun handiko erlojuak egiten zituzten. Garaiko metal eta erremintei aurrerakuntza teknologikoak aplikatuz, zehaztasuna areagotu zuten, eta gaur egun erloju haietako batzuk bitxi artistikotzat jotzen dira.

Erloju publikoen erabilera, "dorre"koak edo "gurpildun"ak ere dei-tuak, XIV. eta XV. mendeetan hedatu zen Europan; horiek ohiz batez ere elizetako dorreetan jartzen zituzten. Hasiera batez, "zaratadun"ak izaten ziren, hau da, kanpaiak jotzen zituzten ordua adierazteko; gerora etorri ziren esferak, eta horiek kanpaia jotzeaz gain ordu zatikiak ere adierazten zituzten, orratza bakar batekin. Geroxeago, bigarren orratz bat jartzen hasi ziren, minutuak ere adierazteko, eta ondoren, bestelako berrikuntzak gehitu zitzaizkien, hala nola, automatak, ordu zibila eta sideralak ematen dutenak, edota soinu konplikatuak, karilloiak deituak, egiten dituztenak, baita ilargiaren faseak adierazten dituztenak ere.

Hasiera batean ia erloju denak burdinazkoak zirenez, errementariek egiten zituzten, horiek zirelako material hori ohiz lantzen zituztenak. Urteek aurrera egin ahala, errementariak espezializatuz joan ziren eta horiek maisu erlojugile bihurtu ziren; horiek arduratzen ziren, halaber, erlojuen mantentze lanaz, noizbehinka beste lan bat zuk egin arren.

ErlojuaAntzinako erloju bat Ieregik egina. (Argazkia Javier Carballo).

Euskal Herrian burdina ateratzeko eta eraldatzeko tradizioa handia zegoen, garaian garaiko produktuak egiteko. Asko ziren, beraz, maisu erlojugile onartuak. Lanbide hori eta horrek eskatzen zituen ezagupenak, beste lanbide asko bezala, aitengandik semeengana aldatzen zen belaunaldiz belaunaldi.

Maisu erlojugile ezagunetan aipagarriak dira, besteak beste, Elgoibarko Marigortarrak, Zumaiako Ieregitarrak eta Gasteizko Muruatarrak.

Inguruabarrak horrela, Euskal Herrian urrutiko iragan hartan egindako erloju asko dago; horietako batzuk gainera gure ondare kulturala osa- tzera pasatu dira, balio handikoak direlako.

Garai hartan ohikoa zen dorreko erloju bat egin, jarri eta mantentzea eskribau publiko baten aurrean sinatutako kontratu batez arautzea, hori egiteak inbertsio handiak eskatzen zituelako garai hartan. Kontratu haietan parrokiako kontseilu edo kabildoak izaten ziren bezero, eta maisu erlojugileak ondasun horiek egiten zituztenak. Era hartako kontratuetan sarri erlojuaren ezaugarri nagusiak agertzen ziren; ordainketa ohiz hiru zatitan kitatzea hitzartzen zen: lehena egiten hasterakoan, bigarrena erloju bere lekuan ipini eta abian jartzean, eta hirugarrena, bermerako hitzartutako epea igaro ondoren eta betiere beste maisu erlojugin batek erlojua hitzartutakoaren arabera eginda zegoela eta ondo zebilela ziurtatu ondoren.