Xare-artisauak

Pilota herrialde askotan jokatu izan da, modalitate desberdinetan. Antxon Agirre Sorondok dioenaren arabera (Euskonews 403), erromatarrek zaletasun hori praktikatzen omen zuten gimnasioetan; Sevillako San Isidororen (560-636) idatzietan ere aipatzen da pilotaren jokoa. 1408ko agiri bati esker, Nafarroako Carlos IIIak Oliteko gazteluan pilotan aritzen zela badakigu. Antonio de Lalaing joku horrekin erlazionatzen da. Sorondok ere Andrea Navageroren oharrak aipatzen ditu. Baita goi maiako sendien jarduera, Errege-Erregina Katolikoen garaian. Eta Kolonaurreko zibilizazioetan.

Baina Euskadi bezalako herrian, batez ere XVIII. mendetik aurrera izan duen eraginik ez dut uste ezagutzen denik beste inon: gurea egin dugun kirola da, egun “euskal pilota” dela esateraino. Ez dago, hala ere, bere ezaugarriei buruzko adostasunik, nahiz eta herrialde askotan lekuko modalitateren batean jokatu.

Beste kirol askotan gertatu ohi den bezala, pilota-jokoa esparru bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen joan da, etengabe. Modalitate batzuk desagertu egin dira, eta beste berri batzuk sortu. Desagertutakoen artean, emakume erraketisten jokoa dugu. Estatu mailan zein Ameriketan jokatzen aritu den lehen emakume profesional taldeari, hirurogei urtez aritu ondoren, ezinezkoa egin zitzaion orduko erabaki politikoei aurre egitea; gaur egun begiratzen jartzen bagara, erabaki guztiz zentzugabeak. Modalitate hori ez da sekula afizionatu mailan jokatu modu ofizialean, Federazioek ez zutelako txapelketetan sartzen.

Andereño pilotari kataluniarren1897ko urtarrilaren 1ean, Bartzelonako Condal frontoiak puntako partidak antolatu zituen "andereño pilotari kataluniarren" artean. (Jose Maria Urrutiak utzitako argazkia).

Emakume erraketistek edertasun handiko ikuskizuna eskaintzen zuten.

Trebetasun eta indarrez beteriko joko hura ikusleen eta artekarien gozamen keinuekin nahasten zen. Gehienak hemengoak ziren, eta, oro har, Espainiako eta Ameriketako frontoietan aritzen ziren. Lan honetarako elkarrizketatu ditugun erraketista guztiek jokoan eman zituzten urteen oroitzapen ona aipatu dute.

Eibarko Maria Carmen Lasagabaster Padillaren hitzak jaso ditugu, Madril eta Bartzelonako frontoietan aritu zen erraketista profesionalarenak alegia.