Historia

Emakumea pilota-modalitate desberdinetan aritu da historian zehar. Hala ere, XIX. mende amaieran hasiko dira profesional gisa jokatzen, 1897. urtean hain zuzen. Bartzelonako Fronton Condal frontoian zesta-punta partidak lehiatzen hasi ziren. Horietan, eta garaiko egunkariek adierazten duten bezala, andere pilotari katalanak parte hartu zuten.

El Gran libro de la pelota liburuaren egilearen arabera, 1917ko urtarrilaren 1ean, Madrileko “Cedaceros” frontoia inauguratu zen egunean hasi ziren lehenengoz emakumeak modu profesionalean jokatzen. Tenis pilotekin erraketan aritzen ziren. Jokoan aritu ziren 16 jokalariak “txapelarekin, kolorezko begiztekin eta gorbatarekin” aritu omen ziren. Frontoi horretaz aparte, Moncloan zegoen Paraiso izenekoan ere aritzen ziren, udaran bereziki. Bi leku horietatik nolabaiteko ospea lortu zuten jokalariak irten ziren. Beti-jai frontoiko (Logroño) enpresak, 1918. urtean, “Madrilgo emakume erraketisten bost partida” antolatu zituen San Mateo jaietan, “Logroñoko biztanleen aisialdian laguntzeko”.

Jose María Urrutia eta Javier Sagastizabalek argitaratu berri duten Las raquetistas liburu-katalogoan, Ildefonso Anabitarte Anzaren eragin eta garrantzia goraipatzen dute. Bere ekintzen artean, honako berrikuntza erabakigarri hau nabarmentzen da: hasierako pilota larruzko beste batez ordezkatu izana.

Garaiko araudiaren arabera, pilota berriak 50-60 bat gramo pisatu behar zituen, baina horrek aldaketa batzuk ekarri zituen: joko eremua luzatu beharra eta tenisean erabiltzen direnak baino sendoagoak eta luzeagoak izan behar ziren erraketak, uztaia ere estuago batekin.

Euskal emakume erraketistakEuskal emakume erraketistak, Mexiko D.F.ko Metropolitano frontoian.

Anabitarte Anzaren berrikuntza horrek modalitatearen zabaltzea ekarri zuen. Horren adibide dira honako bi gertaera garrantzitsu hauek: alde batetik, 1919an Madrilgo Moderno frontoia abian jarri zen, eta bestetik, 1921ean, Kubako Mariano frontoia inauguratu zen. Azken hori Ameriketan egiten zen lehen saioaren adierazle izan zen andereño-pilotarientzat, hala baitziren han ezagunak. Urrutia eta Sagastizabalen hitzetan, gizonezkoak zuriz edo urdinez janzten ziren. Emakumeak, aldiz, guztiak berdin: durbante eta begizta urdinarekin, seta zurizko galtzerdiak zango-mamiraino lotuak eta sandaliak orkatilaraino bi itzuli eginda lotuak. Bilboko Amistad kalean zegoen Euskal-jai frontoia irekia zegoen 1921. urtean. Beste bat Iruñean eta Santanderren. Habana-Madrid frontoia martxan jarri zen 1922an, Kubako hiriburuan, Madrilgo Moderno frontoitik hara abiatu ziren 17 emakume erraketistei esker.

Emakume erraketistak mundu guztiko frontoietan aritzen ziren: Mexiko, Miami, Madril eta Bartzelonako hainbatetan, Sevilla, Donostia, Vigo, Sabadell, Valentzia, Zaragoza, Salamanca eta Valladolid, besteak beste. Leku guzti horietatik bi frontoi nabarmendu behar dira: 1928an Bartzelonan “Sol y Sombra” ireki zen, eta, 1929an Moderno frontoia eraberritu ondoren, inauguratu zen Madrid pilotalekua, “erraketaren katedrala”.

Gerrate zibilaren ostean, agintari berriek erraketistarena emakume batentzat lanbide aproposena ez zela erabaki zuten: joko horretarako aritzen ziren frontoiak itxi egin behar izan zituzten. Kaltetuen erantzunak oihartzuna jaso eta hartutako erabakia apurtxo bat leundu zuten: frontoi berriak irekitzea galarazia geratu zen eta Federazioak ez zuen baimen berririk emango. Jardunean jarraitu zuten erraketistek janzkera profesionala aldatu beharra izan zuten, gona luzeagoak eta alkandorei beso luzeak jantziz.

Baina apustuak ere galeraz egini ziren, frontoietan izan ezik, eta dirua etengabe jokatzen jasi zen horietan. Ustiatzen zituzten enpresak irabazten atera ziren, jakina den bezala, apustuen ehuneko jakin bat irabazten baitzuten, eta irabazten dute oraindik ere.

Egoera berria 1957 urteraino luzatu zen. Murrizpenak kendu ondoren, modalitate horren jarduerak kalteak jasan zituen. Hala ere, emakumeek ikasketen alorrean eta lan-munduan aukera berriak izango zituzten. XX. mendeko hirurogeiko hamarkadaren amaieran, soilik Madril eta Bartzelonako frontoietan jarraitzen zuen erraketa modalitateak, hori bai, beste modalitate batzuekin tartekatuz. Azken partida 1980ko uztailaren 17an jokatu zen.

Emakume erraketistak HabanakoEmakume erraketistak Habanako La Habana-Madrid frontoian. 1920 inguruan.

 

R. Rozas Urrutia eta Luis Bombin Fernandez. El gran Libro de la pelota (2 liburuki) Madril, 1976.