Erreminta fabrika

El Pobal burdinolak mearen bidez burdina lortzeko eginkizuna iragan mendearen amaieran utzi ondoren, beste industria batzuk produzitutako burdina eraldatzeko lantegi bihurtu zen, bertako gabia aprobetxatuz merkatuak eskatzen zituen produktuak egiteko. Aldaketak, hala ere, ez zuen berrikuntza handirik eskatu eta instalazioek lehen bezala jarraitu zuten ia-ia.

Felipe Pérez Lázaro (1878an jaio eta 1943ko irailaren 10ean hil) burdinbideetan lan egin ondoren aprendiz hasi zen El Pobal burdinolan. Garai hartan burdinola horretan, "gabi hidraulikoa erabiliz", besteak beste, gurdien gurpiletako uztaiak forjatzen eta ijezten zituzten, edota burdin eta altzairuzko totxoak sekzio karratu txikiagoetara eramaten, baita sekzio estuagoetara ere. Totxo landu horiek erabilera asko zituzten, hala nola, erremintentzako ziriak edo altxagarriak egiten zituzten, erabileraren erabileraz gastatutako lanabesei soldatzeko piezak prestatzen, burdina zatiak zorroztuz aizkorak eta aitzurrak egiten, edota golde hortzak egiten zituzten, baita horiek goldeari jarri.

Aipagarri dira El Pobalen egiten zituzten produktuetan "meatze, burdinbide, nekazaritza, eta abarretarako edozein eratako erremintak" sartzen ziren, eta horiekin batera honako beste hauek ere egiten zituzten: pikatxoiak, aitzurrak, narrak eta karrakagailuak inguru hartako meatzetarako, baita "golde hortzak, ziriak eta goldearen langak, nork berak nahi dituen neurrikoak"; erreminta horiek guztiak saltzeko bazuten irudizko katalogoa. 1930. urte aldera Felipe Pérez Lázarok berak hartu zuen alokairuan burdinola.

Erreminta horiek fabrikatzeko lehenbizi lehengaia, burdina edo altzairua ikatzezko sutegietan berotzen zen, eta ondoren, piezari berotasun jakin ematen ziotenean, energia hidraulikoz mugitutako "matxino"an jartzen zuten. Lanketa zailenak edo astunenak "forja libre"an egiten zituzten, hau da, landu beharreko materialaren bolumen handiena eskatzen zutenak.

Gainontzeko lan guztiak eta piezak ingude gainean forjatuz egiten ziren; eta horretarako, ohiz mailuekin eskuz kolpatzen zituzten langileek, baina beste batzuetan olagizonek maneiatzen dituzten beste tresna arrunt batzuk ere erabiltzen zituzten: marteiluak, mailutzarrak, ingudetxoak eta taielak, besteak beste. Gabi hidraulikoaren forjan 200 piezatik 400 bitarte egiten ziren sorta edo sailetan, eta 30etik 50 bitarte eskuzko forjan.

Julen ZabaletaJulen Zabaletak El Pobaleko atal baten funtzionamendua erakusten du.

Lan horietan guztietan, beraz, handia zen eskulanaz egindakoa, eta horrek lanbidea ezagutzea, abilezia handia eta ahalegin fisiko ikaragarria eskatzen zituen.

Laneko metodoak, langileei eskatzen zitzaizkien ezagupenak, teknologia eta instalazioak eta segur aski antolamendua, hein handi batean, gure Herrian burdina eraldatu eta burdinazko produktuak egiteko zeuden beste industrietakoen antzekoak ziren, batez ere XV. eta XVI. mendeetan hasi eta XIX. menderaino iraun zuten industrietakoen modukoak. Batzuetan, egindako erremintei bezeroaren marka jartzen zieten, baina ohiz bertako zigilua jartzen zieten.

El Pobaleko jarduerak 1965. urtera arte iraun zuen, 1955. urtera arte energia elektrikorik izan ez bazuen ere. Felipe Pérez eta Emilia Ibarrondo senar-emazteen hamabi seme-alabetako Angel eta Enrique  Pérez Ibarrondo anaiak izan ziren azkenak burdinola honetan. Gaur egun orduko lan egiteko moduak eta teknikak protagonista batek ahoz kontatuta ezagutzen ditugu.

J.M. Seminario de Rojasek 1946 zera adierazi zuen El Pobali buruz: "Espainiako siderurgia teknikaren benetako monumentu historikoa da" eta gehitu zuen: "Oso-osorik gorde da; bertan mea urtzeko sutegia, gurpil hidrauliko higiarazle handia, hauspoak, horien tobera errudimentarioak, mende haietan haizea botatzeko makineria. Burdinazko gabiari eta egurrezko bere ardatzari dagokionez, esan behar 280 kolpe ematen zituela minutuko. Datu tekniko hori interesgarria da, oso argi adierazten duelako garai hartako makina baldar haiekin lortzen duten zehaztasuna. Lau anaia dira bertako jabeak; horiek ere burdinolan lan egiten dute pikoak eta mikrentzako opaitzurrak egiten".

Berrogeiko hamarkadatik aurrera, honakoak dira gutxi gorabehera erreminta haiek fabrikatzeko erabiltzen zituzten prozedurak.

 

Seminario de Rojas, J.M. Una ferrería que funciona como en pleno siglo XVI. Vida Vasca, 1946. XXIII, 177. orrialdea.