Erremintak

Grabatzaileek beranak erabiltzen dituzte. Tresna horiek 10 eta 15 cm bitarteko luzerako hagun txiki eta fin bat dute, 2 eta 5 cm arteko zabalerakoa. Mutur batek alaka forma du, eta ondo zorroztuta badago lan egiteko tresna nagusia da. Askotan hiruki, karratu edo zilindro formako atala izaten dute. Horrela, zeharka zorrozten direnean, hiruki, erronbo edo borobil formako ildo ganbilak sortzen dituzte gainazalak lantzerakoan. Lehenengoekin ildo fin edo lodiagoak egin daitezke, grabatzaileak, tresnari inklinazio gehiago edo gutxiago emanez lortzen duena. Bigarrenek, berriz ildo ahur eta nahiko zabalak egiten dituzte (1). Eskuz grabatzeko beranek muturra mailuz bultzatzen direnek bezalakoxea daukate. Baina lehenengoak motzagoak dira, eta beste muturrean egurrezko kirten bat dute, eskuarekin heldu eta bultzatzeko erabiltzen dena.

Mailuarekin erabiltzen diren beranak desberdinak dira: eskuz heltzen den atala zilindrikoa eta lodiagoa da, eta grabatzeko erabiltzen den atala, berriz, finagoa. Kasu honetan, horrelako beranek ez dute egurrezko kirtenik.  Bi kasuetan oso garrantzitsua da beranak ondo zorroztea. Grabatzaileek ondo egiten jakin behar dute, berana ondo zorroztuta badago tresna ondo kontrolatu dezaketelako.

AfiladoBeranak olioz bustitako harri batekin zorrozten dira. (Julen Zabaletak egindako marrazkia).

Tresna hauek altzairuzkoak dira, eta punta forjatu egiten da nahi den forma emateko. Gero tenplatu eta iraotu egiten dira, horrela tresnei behar duten gogortasun eta iraunkortasuna eman eta lantzen duten materiala ondo mozteko.

Grabatzaileek beran ugari erabiltzen dituzte, eta forma askotakoak. Batzuk erosi egiten dituzte, batez ere Suitzan edo Eibarren egindakoak. Izan ere, Eibarren, suzko armak apaintzen zituzten grabatzaile ugari zegoenez, berangile espezializatuak zeuden. Beste beran batzuk, berriz, grabatzaileek egiten zituzten, edo aldez aurretik erabilitako batzuk lan baterako eraldatzen zituzten.

Beranak eta bestelako erremintak egiten jakitea funtsezkoa da grabatzaileentzat. Izan ere, lanean sor daitezkeen zailtasunak konpontzen jakin behar du, eta hori askotan berariazko tresna baten bidez konpontzen da. Horretarako eskarmentu eta jakintza handia behar dira, jardunean bakarrik lortzen direnak.

ErremintakMailu bidezko grabatuan piezak finkatzeko erabiltzen diren bolak eta erremintak (berana eta mailua). (Julen Zabaletak egindako marrazkia).

 

(1) Ramiro Larrañaga. Conceptos fundamentales sobre el grabado. Mekanografiatutako dokumentua, argitaratu gabea. 1983.