Espartzuginak

Itxura denez, sesmatarrek antzina-antzinatik erabili dute espartzu edo albardina, garai bakoitzean bere lanerako edo etxean edo norberak erabiltzeko behar izan dituzten produktuetako batzuk egiteko.

Alabaina, eskuratu dugun lehenbiziko aipamena ia-ia XIX. mendearen erdialdekoa da, eta Pascual Madozi zor diogu, ezen 1847an, 1.090 biztanle zituen orduko Sesmari buruz aipatu zigun “sokak eta zerriak egiteko eta bestelako erabileretarako espartzua lantzeko eginkizunetan 40 pertsona inguru” ari zirela.Julio Altaldil-ek ere, Geografía General del País Vasco-Navarro lanean, XX. mendeko lehen urteetan idatzi zuen, Sesmako produkzioez ari denean azaltzen du “beharbada bere erresistentzia eta iraupenagatik azpimarragarriena espartzua” izangodela, “duela gutxi probak egin baitituzte paper arruntak fabrikatzeko”.

Espartzuginen lanak oso estimu txikia inguratu izan du, bai maila ekonomikoan bai gizarte mailan, eta gehienetan lur propiorik ez zeukaten besalari edo landako langileak aritu dira eginkizun horietan. Sesman, XX. mendeko lehen erdialdean, zortzi urtean behin zozketatzen ziren herri-lurrek laguntzen zuten esku gutxitan bildutako jabetzak eta lurren banaketa desorekatuak eragindako ondorio kaltegarriak arintzen.

Espartzua jotzeko erabilitako mazoaEspartzua jotzeko erabilitako mazoa.

Partzela haiek 15 edo 20 erregu-lur zituzten (bakoitzak zortzi area eta laurogeita hemezortzi zentiarea ditu), hiru zatitan. Honek guztiak sesmatarrek Nafarroako beste herri batzuetako jendeak baino gutxiago emigratzea ahalbidetu zuen.

Landako lanetako beste arlo batzuetan bezala, honetan familia aritzen zen, eta emakumeen parte hartzea, eta baita umeena ere, oso garrantzitsua zen hainbat eginkizunetan, iruteko unean esaterako. Lehengo garaietan ohi zen moduan, lanbidea horretan eskarmentua zutenek nola egiten zuten ikusiz ikasten zen, eta batez ere jardunez, gehienetan famili taldeen barnean; halaz, gurasoek seme-alabei erakustea oso-oso maizko kontua zen.

Urteko lanaldi osoan aritzen zen langile kopurua, dena den, oso zaila da zehazten. Maria Jose Sagasta Lacallek, lan bikain batean, esaten digu espartzuginak biltzen zituen sindikatuko bazkide kopurua 228koa zela 1938an, eta 404koa 1960an. Kontuan hartu behar, hala ere, lanbide honetan ari ziren guztiak ez zeudela gremioan sartuta, nahiz gutxi ziren sindikatu gabekoak.

Espartzuzko produktuak egiteko erabiltzen zituzten teknikak, geroago deskribatuko ditugunak, oso sinpleak ziren, zenbait eginkizunetarako abilezia eta eskarmentu handia behar baziren ere. Alabaina ahalegin fisikoa, batzuetan inguru-baldintza txarretan egin beharrekoa gainera, handi samarra zen.