Produktuak

Espartzuaren ezaugarriek (malgutasuna, gogortasuna, erresistentzia) oso egoki egiten zuten garai bakoitzean ziren jardueretan behar ziren produktu askotarako. Nekazaritza lanetan erabilitakoen artean alportxak, kanpazak, otarrak, espartzaskiak, espartinak eta baheak aipa ditzakegu, besteak beste; landarea oso-osorik harturik ere erabiltzen zuten zeta-harra hazteko, eta oso eskualde lehorretan baita mailak eraikitzeko ere, euriaren hezetasuna hobeto jasotzeko.

Espartzua, halaber, alfonbrak, hainbat motatako sokak, abarketa-zolak, eskalapoiak, saskiak, zerriak, astotzarak eta antzeko gauzak egiteko erabili da, eta gure garaiotatik hurbilago, baita paper-orea lortzeko ere.

Sesmako espartzuginek egindako produktuen artean zortzi neurriko kanpazak (sei eta hamar oin bitartekoak), zerriak (normalena 1,26 x 0,80 metrokoa), alportxak (txikiak, ertainak, handiak eta apartekoak) eta bi neurritan egiten ziren lepakarientzakoak nabarmentzen ziren.

Gainera, enkargu bidez, produktu hauek beste neurri batzuetan ere egin izan dira, esate baterako bost metro luze eta bi metro zabaleko zerria (Azkoiengo Udala); hauez gain dentzejuak, batez ere uzta-balak lotzekoak, eta olio-errotetarako kanpazak, prentsa-ardatzean olibaz beterik sartzen zirenak, bata bestearen gainean, makinak presioa egitean olioa atera zedin. Trakak egiteko sokak ere egiten zituzten, batik bat Valentziako failetan erabiltzeko.

Gaur egun toki batzuetan, Andaluzian eta Levante aldean esaterako, espartzua lantzen jarraitzen dute, nagusiki apaingarriak edo erabilera pertsonaleko objektuak egiteko.

Espartzuz eginiko hainbat produktuEspartzuz eginiko hainbat produktu.

Espartzuzko zerriaEspartzuzko zerria, bost metro luze eta bi metro zabalekoa.