Espezialitateak

Gaur egungo itsasontzi modelogintzan, batez ere bi moda edo espezialitate daude. Alde batetik estatikoa, lan honetan aipatuko duguna bera, erakusteko izango diren itsasontziak egiten dituena; eta bestetik dinamikoa, belak edo motoreak eta urrutiko kontrolak dauzkaten eta batik bat joko eta lehiaketetarako erabiltzen diren itsasontziena. Lehiaketa hauek nazioartekoak ere izan daitezke, zale eta partaide asko inguratzen dituzte, eta araudi luze eta zehatza dute.

Rafael Sopeñak, merkantzia-ontzietan kapitain eta Pasaiako portuan portu-gidari nagusi izana bera, bigarren espezialitate honen barnean azpimarratu egiten du modelogintzak esperimentazio eta ikerkuntzarako duen garrantzia.

Sopeñak dioenez, itsasontzi eta portuei dagokienez teknologia berriak aukera ematen ari dira ikerkuntzan eta esperimentazioan aurrera egiteko, hainbat egoera simulatuz horretarako; egoera hauetako zenbaitek, benetan gertatuz gero, kostu eta arrisku handiak eragin litzake.

Eginkizun hauetarako, bi simulazio sistema daude: bata nagusiki oinarri matematikoa duena eta itsasontziak, portuak, metereologia eta abar informatikako programen bidez adierazten dituena, eta bestea ondorio horiek lortzeko portu eta itsasontzi maketak, urmaelak, olatu eta korronte sortzaileak eta beste zenbait elementu erabiltzen dituena, eskala txikian noski.

Sistema fisikoetan, itsasontziek nabigazioan izan ditzaketen portaera batzuk ikertzeko eta esperimentatzeko modeloak erabiltzen dira; horrela posible da maniobra pila bat egitea, dagoeneko badiren edo etorkizunerako proiektatuta dauden portu eremuetan aplikatu ahal izateko.

Modelo estatikoez oso bestela, jarduera hauetan erabiltzen direnek zehaztasun handia behar dute eraikitzeko unean, baina bakar-bakarrik ikerkuntzarako beharrezkoak diren parametroei dagokienez, bestelako gauzak ez baitira hain garrantzitsuak. Hau da, aldagai teknikoak estetikoen gainetik daude, eta modelo hauetan eskulangintzak ez du hainbesteko pisurik.