Etengabeko bilakaera

Arturo Andrade 1956an Allarizen (Ourense) jaiotzea gurasoen erabaki bat izan zen; galiziarrak ziren, eta urte asko zeramaten Elgoibarren. Lanbide Hezkuntzako ikasketak maila gorenean egin ostean, garai hartan Gipuzkoako herri horretan ematen baitzituzten, industri ofizial maila lortu zuen.

1972 eta 1977 bitartean doitzaile lanetan jardun zuen Orbatu enpresan. Jarduera honek burdina eta burdina lantzeko erabiltzen ziren teknikak ezagutzea ahalbidetu zion.

Bokaziozko artista izaki, bere estreinako eskulanak soldadutzan egin zituen, Ferrolen, etxeko tresnak hain justu (koilarak, sardexkak, etab.); hasiera batean misil, mortero eta minen bilgarriak erabiltzen zituen, botatakoak noski, baina haren trebetasunaren berri izan zutenean, ezpela eskuratzeko aukera izan zuen. Garai honi esker, artistak bere jarduera gustukoenak zein ziren ikusi zuen, eta nolako gaitasuna zuen erakutsi zion bere buruari.

Eskultorea

Soldadutza kontuak amaitu ostean, batera eramaten hasi zen Allarizen beste baten kontura egiten zuen lana (berogailu-teknikari gisa) eta bere lantegian bertan zurez egiten zituen eskulanak.

1980 inguruan bere jarduera guztia zurezko eskulangintzara bideratu zuen. Lehengai gisa habeak erabiliko zituen, ehunka urteko gaztaina eta haritz egurrezkoak batzuetan, bera bizi zen inguruan botatako etxeetan lortzen zituen eta. Eta oinarrizko lanabesak zulagailuak, gubiak, arraspak, zerrak eta kurrikak ziren.

Beste arte-kultura batzuk ezagutu nahi zituelarik, irakurle eta erakusketetako ikusle nekaezin bihurtuko zen, eta horrela harremanetan jarri zen beste eskulangile eta artista batzuekin. Kanpora jo, eta Parisen egonaldi labur bat egin zuen (1985); han toki publikoetan egingo zuen lan, beste profesional batzuekin batera. Elgoibarko Alejandro Alvarezekin garatu zituen galdaketari buruzko bere jakintzak.

Erakusketa jarduera –batez ere eskulturari lotua–, 1981ean abiatu zuen, Ourensen, eta gero Galiziako beste hiri batzuetara jo zuen. 1989an estreinako aldiz iritsi zen Madrila. 2003an, beste artista batzuekin batera, bere lanak New York eta Japonen (Tokio eta Wakamatzo) erakutsi zituen.

Azken hamar urteotan zehar, batera darama bere jarduera artistikoa Elgoibarko eta Allarizko lantegietan.