Etorkizuna

Gure eskulangileak azpimarratzen digu beste produktu askoren kasuan bezala makilen merkaturatzean gertatzen ari den aldaketa handia.

Horrelakoak garai batean eskulangintza azoketan (Errenteria, Getxo ...) saltzen ziren, eta baita denda espezializatu samar batzuetan ere. Orain, baina, merkatura iristeko unean Internet ari da lekua hartzen, azken bi urtetatik hona behintzat. Izan ere, bide hori erabiltzen hasi zirenetik pixkanaka- pixkanaka garrantzia irabazten ari da, eta dagoeneko Argentinako, Erresuma Batuko eta Italiako eskaerak dauzkate, eta Sevilla eta Oviedokoak besteak beste. Dena den, dendek saltzen segitzen dute, eta bezeroen artean “ahoz ahokoa” ere garrantzitsua da eskaera berriak jasotzera begira. Hedabideetan agertzea ere lagungarri gertatu zaie, publizitate espezifikorik egiten ez badute ere.

Dagoeneko ez dira eskulangintza azoketara joaten, lau urtez joan baziren ere, horrelakoak prestatzeak lan handia eskatzen du eta. Egungo krisialdi ekonomikoak eragin kaltegarria du salmentan.

Egungo eskaera nagusia erretiroa hartzen duten pertsonei oparitzeko izaten da.

 

Oharra

Lan honetarako oso baliagarria izan zaigu Antxon Aguirre Sorondoren “Palos, bastones y makilas” lan bikaina, 1992an “Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra” argitalpenaren 60. zenbakian argitaratua.