Euskal autonomi erkidegoko arautzea

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailak, 2003ko otsailaren 18ko 41/2003 dekretuaren bidez (otsailaren 27ko 2003042 zenbakidun Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratua), angula arrantza arautu du, “Euskal Autonomi Erkidegoko barruko uretan ibai aingiraren (Anguila anguila) indibiduo gazteak, 10zm,tik beherakoak, harrapatzea helburu daukan arrantza" bezala.

Angulen edo txitxardinen arrantzan aritu ahal izateko beharrezkoa da dagokion lizentzia izatea. Lizentzia hori “norberarentzakoa eta inori utzi ezinekoa izango da, eta, berarekin batera lizentziaren jabearen nortasuna egiaztatzen duen agiriren bat eraman beharko da”. Lizentziak “arrantza-aldi bakoitzeko eta arro bakar jakin baterako emango dira".

Lizentziarekin batera harrapaketa orria doa "bertan titularrak harrapakinen pisua, erabilitako arrantza-tresnak, eta arrantza-eguna eta ordutegia jaso beharko ditu".

Hala ere, lizentzia horrek “berez ez du bidea ematen titularrek harrapatutako angulak saltzeko".

Bi lizentzia mota ezartzen dira: “angula lehorretik harrapatzekoa” eta “angula ontzitik harrapatzekoa”. Azken kasuan arrantzarako erabiliko den ontziaren izena eta matrikulari lotuta egongo da titularra, eta horrez gain ontziari dagokion patroi-titulua izan beharko du.

Bereziki interesgarria da arrantza-tresnei buruz ezartzen dena. Izan ere, angulak baia edo bahe izeneko tresna bidez egingo da, bi modalitateetan. Baheen gehienezko neurriak honako hauek dira: 1,8 metrokoak erdiko lerroan, forma borobileko bahetarako; eta 1,8 metrokoak ardatz nagusian, forma eliptiko edo angeluzuzeneko bahetarako.

Halaber, “lehorretik aritzen diren arrantzaleek mailasare edo bahe bakar bat bakarrik erabili ahal izango dute eta “aitzur edo antzeko tresna bat erabili ahal izango dute”. “Ontzitik aritzen diren arrantzaleek, gehienez ere, bi mailasare edo bahe erabili ahal izango dituzte aldi berean, berdin duela zenbat lagun dauden txitxardina harrapatzen ontzitik”.

Ezin da erabili tresna mekanikorik, ez eta aurreko paragrafoetan aipatu ez den bestelako tresnarik”. “Nolanahi ere, bidezkoa da argiak erabiltzea”.

Angula harrapatzeko aldia ere arautzen du, urriaren 15etik hurrengo urteko martxoaren 15a arte.

Telesforo de Aranzadik jasotako abesti zahar batekin bukatuko dugu:

Chir, chir, chir, las angulas al cedazo han de venir. Con su linterna, con su farol, anguleros, anguleros tengais valor”.

Anguleros

Oharra:  Nire eskerrik beroenak Javier Carballori, lan hau egiteko haren laguntza funtsezkoa baita.

 

Bibliografia

  • Telesforo de Aranzadi. Euskal-Erria LIX – 59 – 1908. 362/365 orrialdeak.
  • R. Lotina eta J. De Hormaetxearen Peces de mar y de río argitalpeneko informazioa ere erabili da.