Euskal erlojugileak

Euskal Herrian, artisau askok menderatzen zuten burdinaren eraldaketa prozesua, eta horregatik, forjari asko izan dira, bai hesi artistikoak bai armak eta erlojuak egiten nabarmendu zirenak.

Luis Maria Ezenarro Osorok (1) azaldu digu, Marigortarrak, elgoibarko errementari eta forjari familiak, XVI. eta XVII. mende artean, hiru belaunalditan zehar, erlojugintzan aritu zirela, eta kontratu askotan agertzen dela haien izena, bai maisu erlojugile edo hesigile gisa.

Bai aita, semea eta biloba hesi artistikoak egiten nabarmendu ziren, batez ere eliza, katedral eta noble-etxetarako. Horrez gain, erlojugile abilak ziren, baita horiek konpontzen ere. Lan horiek guztiak "Elgoibarko aldirietan" zeukaten sutegian egiten zituzten, eta bertan suzko arma txikietako kanoiak ere lantzen zituzten. Halaber, udaletxe eta elizetarako erloju handiak ere egin zituzten, esaterako 1580an Lizarran jarritakoa, 1564an Elgoibarko Olaso parrokian jarritakoa edo herri hartan bertan, horma batean jarri zena. Azken horrek 90 dukat balio zituen, bi esferakoa zen; bata herrira begira zegoen, eta bestea kanpoaldera; sei horzdun gurpileko mekanismoa zuen eta sei kintal inguru pisatzen zuen (280 kg inguru), kanpaientzako armazoia eta guzti.

Artisau-familia horrek egin zituen lanen artean, aipatzekoak dira 1613an Bilboko Jesusen Lagundiaren Eskolarako egin zuten erlojua. “Erloju ona eta gogorra izan behar zen, ordu laurdenak eman behar zituen, Bergarako erlojuak ematen dituen laurdenen trazakoak, baina pixka bat ozenagoak eta hobeak".

Zestoako Santa Engrazia ermitako erlojuaZestoako Santa Engrazia ermitako erlojua, Ieregi anaiek 1914an egindakoa. (Antxon Agirre Sorondok utzitakoa).

Erloju horiek egiteko sinatu ziren kontratuetan azaltzen diren deskribapen eta baldintzak ikusita, eta garai hartako teknikak nolakoak ziren jakinda, aipatutako erlojuek, zintzilik zegoen pisua bakarrik zuten indar bultzatzaile gisa, eta abiadura erregulatzeko mekanismoaren marruskadura. Ondorioz, ez ziren batere zehatzak. Esfera eta orratzak ere bazituzten, lehen aipatu dugun bezala, elementu horiek XVI. mendean hasi ziren erabiltzen Europan; eta Elgoibarreko erlojugileek garai hartan elementu horiek erabiltzeak honakoa frogatzen dute: elgoibarreko artisauak lanbidean azaltzen ziren berrikuntza guztien berri zutela. Eguzki-erlojuak, erloju mekanikoak “orduan jartzeko” bakarrik erabiltzen ziren.

Egitura edo euskarria burdinazko hagunez egiten zen, eta barruan ardatzak jartzen ziren, 3 eta 6 bitartean, elkarrekin lotzen ziren horzdun gurpilak eta pinoiak eusteko. Horrek guztiak abiadura gutxitzeko mekanismoa osatzen zuen. Pinoiak burdina forjatuzkoak izaten ziren, eta karrakarekin ematen zitzaien azken ukitua, “hortzak ondo karrakatuta eta amaituta egoteko, eta bestelako bikaindura guztiak izateko”.

1756an, Elgoibarko parrokiako erlojua konpontzeko kontratuan, (2) honako hau xedatu zen: "pieza guztiak sutegitik pasa, zuzendu eta torneatu behar dira. Gurpil, linterna eta pinoi guztien hortzak kalibratu behar dira eta apurtutako piezak edo akastunak berritu behar dira". Askotan, burdina forjatuan dorretxo bat eraikitzen zuten, etab bertan orduak ematen zituen kanpaia jartzen zuten. XVIII. mendean, oraindik ere artisauek egiten zituzten dorretako erlojuak. Erakunde publikoek artisauei eskatzen zieten erlojuak egin edo konpontzea, gehienetan kontratu bidez. Hala ere, erabilitako material eta teknika berri batzuk azaldu ziren erlojugintzaren prozesurako.

Kontratu horien artean, aipagarria da Durangoko Roque de la Prada erlojugileak 1776an sinatutakoa, Eskoriatzako parrokia-elizan aldez aurretik jarrita zegoen kanpaidun erloju bat konpontzeko (3).

Bertan xedatzen da, egitura egurrezkoa izan behar dela, 2 oin eta 9 ontzako altuera izan behar duela (metro bat baino pixka bat gehiago). Horrez gain, gurpil guztiak brontzezkoak izan behar direla, ardatzen euskarriak bezalaxe. Azken horiek, egurrezko euskarrietan lotu behar ziren. Gurpil batzuk burdinazkoak izan behar ziren, eta beste batzuk, brontzezkoak. Pinoiak berriz, trinkiak, tenplatuak eta esmerilatuak izan behar ziren.

Erlojuaren abiadura erregulatzeko pendulua erabiltzen hasi ziren. Horren printzipio fisikoa Galileok aurkitu zuen 1581ean, eta 1659 inguruan Huygensek erlojuetan aplikatzeko garatu zuen printzipio hori. 14 oin inguruko luzera izan behar zuen. Ertz batean 12 librako berunezko dilista bat zuen, eta orduko 2600 oszilazio egiten zituen.

Egin beharreko mekanismoak bi zati edo orden zituen. Penduluaren ordena esferan orratzen mugimendua eragin eta erregulatzen zuen mekanismoa zen, eta soinuteriaren ordena, kanpaia mazo batekin joarazten zuen mekanismoa.

 

(1) Elgoibar. De las ferrerías a la máquina-herramienta maestros rejeros, relojeros y armeros. Fundación KUTXA 1996.

(2) A.H.P.G.O. L1 – 1696, folio 648

(3) A.H.P.G.O. L-1 – 1832, folio 51