Euskal herrian

Euskal Herrian postak izan duen bilakaerak aurrean zehaztu diren ezaugarriak ditu. 1706. urtean Gaztelako Felipe V.ak zerbitzua koroara gehitu zuen, 1622. urtetik postaren pribilegioa bere esku zeukan Oñateko Kondeari kalteordainak emanez; baina handik gutxira zerbitzua berriro partikularren esku jarri zuen erregeak. Penintsulako barrualdetik zetorren posta Bilbo, Iruñea eta Baionara iristen zen, eta hiriburu horietan biltzen ziren gero inguruko herrietara banatzeko ardura zutenak. Aipatzekoa da, nahiko bitxia delako, 1761ean "Madril-Baiona ibilbide"ak Araba eta Gipuzkoan barna egiten zuen bidea. Ibilbide horrek berebiziko garrantzia izan zuen Frantzia eta Europako zerbitzuekin lotzen zelako.

 
Ibilbidea Legoak
La Pueblatik GAZTEIZera 3
Gasteiztik Audikanara 3
Audikanatik Galarretara 2 1/2
Galarretatik Zegamara 3
Zegamatik Ordiziara 3
Ordiziatik Tolosara 3
Tolosatik Urnietara 3
Urnietatik Oiartzunera 3 1/2
Oiartzunetik Irunera 2 1/2
Irunetik Urruñara 2 1/2
Urruñatik Donibane-Lohizunera 2
Donibane-Lohizunetik Bidartera 2
Bidartetik Frantziako BAIONAra 2

Ibilbide honetan zeuden hamahiru postetxetan aldatzen ziren zaldiak. Madriletik Donostiarako ibilaldia hiru egunekoa izan ohi zen.

Madozek (1) XIX. mendean zera esaten zuen Gipuzkoako posten gainean: "Postak egunero egiten du Madriletik Frantziarako joan-etorria, eta astean hiru bider Katalunia, Aragoi eta Nafarroako joan-etorria egiten du. Administrazioak edo postetxeak Arrasate, Bergara, Urretxu, Tolosa, Donostia eta Irunen daude, eta postariek geldialdiak egiten dituzte Leintz Gatzagan, Arrasaten, Bergaran, Urretxun, Ordizian, Tolosan, Andoainen, Astigarragan, Oiartzunen eta Irunen".

Postako funtzionarioak 1920anPostako funtzionarioak 1920an, Donostiako bulego nagusia Garibai kalean zegoenean, hau da, Kutxak gaur egun bere egoitzan nagusia duen leku berean.

Tolosa aipatzean, han Madrileko bi linea eta Kataluniara zihoazenak elkartzen baitziren, zera dio: "Malako posta egunero pasatzen da Madril eta Frantziarako bidean, eta bertan uzten du v.ko eta Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako korrespondentzia, azken horretakoa astean hiri aldiz sartzen eta irteten baita. Diligentzia zerbitzua maiz aldatzen da, dela geltokiko arazoengatik dela arlo honetako enpresen artean dauden lehiengatik. Gaur egun Madriletik datozen bi diligentzia pasatzen dira egunero, eta beste bi Madrilerako bidean Baionatik datozenak. Gasteiztik c. honetara egun baten bai eta bestean ez pasatzen dena; eta bi egunetik bi egunera beste bat pasatzen da Iruñea, Zaragoza eta Kataluniara eta alderantziz. Uda sasoian beste bat jartzen da Bilborako Azpeititik zehar, eta beste batzuk berariaz kostaldera doazenak"

Linea erregularrik joaten ez zen lekuetara zaldiz joaten ziren postariak hango korrespondentzia jaso eta eramatera.

"Mapa de la comprehensión de la Administración Principal de Vitoria"ren (2) arabera, Gasteiztik Arrasate eta Durango zeharkatuz zihoan Bilborako ibilbidea; aldi berean, Bilbok ere bazuen bere Administrazio Nagusia "hortik Laredo, Amurrio eta Durango"ko lineak zaintzen zituena.

Luis María Marín Royok (3) adierazten du "diligentzia hauetan egiten diren bidaiak, mantxoak eta nekeak izaten badira ere batez ibilaldia gutxi-asko luzetan, zapore berezia izaten dute. Bidaiari guztiek bukatzen dute bidaia gainontzeko bidaiarien xehetasun guztiak ezagutzen, batzuk gainera hain adiskidetasun handira iristen dira, sentimendu handiz onartu behar izaten dute bidaia amaitzen ari dela. Bidaia hasterakoan edukazio eta kortesiaren seinale izaten zen nork bere bizitzaren laburpen bat egitea gainontzeko bidaiarien aurrean."

Holako zerbait gertatzen da gaur egunean ere enpresa espezializatuek taldeetan antolatzen dituzten bidaietan.

Postako funtzionarioak Donostian 1942anPostako funtzionarioak Donostian 1942an, gutunen sailean (Kutxako fototeka).

 

(1) Diccionario geográfico estadístico-histórico de España y sus posesiones de ultramar, por Pascual Madoz  -  IX. liburukia (Gipuzkoa). Madril, 1847.

(2) Atlas histórico de las comunicaciones en España. 1700-19888. Idazleak Angel Bahamonde Magro, Gaspar Martínez Lorente eta Luis Enrique Otero Carvajal. Correos y Telégrafos, 1998.

(3) Navarra. Caminos, postas y correos. Luis María Marín Royo. Temas de cultura popular. Nafarroako Foru Aldundia, 1978.