Euskal Makila

Ondasun hauek oso tradizio handia dute gure herrialdean, eta jada aurreratu dugun moduan, gure makila berezko eta derrigorrezko elementua izan da, duela gutxi arte, Euskal Herriko jendeen janzkeran. Iñaki Alberdik azken hamarkadotako makila sorta bat du erakusgai, eta bertan badira 1884ko data duen makila bat, “Gernika” dioen 1923ko beste bat, 1930eko beste bat eta eginak diren urteari buruzko aipamenik gabeko zenbait.

Makilak egitea lanbide duen bakarra dugun eskulangile hau, esan bezala, euskal makilen fabrikazioan dago espezializatuta, eta berak eginei ezaugarri berezi batzuk ematen dizkie; ezaugarri horiexek bereizten dituzte Iparraldean egiten dituztenetatik.

Funtsean bi makila mota daude, tradizionala, ibiltzekoa alegia, eta ohorezkoa. Lehena oinez ibiltzeko edo, behintzat, oinez doanaren lagungarri izateko da, eta bigarrena agintari eta pertsonaia izen handikoei ematen zaie, adiskidetasun, errespetu edota agintearen adierazgarri. Hauek egiteko modua desberdina da, ezen zur meheagoa erabiltzen da, lege-zilarrarekin eta alpakarekin batera. Tradizional edo ibiltzeko makilen kasuan, normalean letoia erabiltzen da, eta makilak egokia izan behar du erabiltzailearen ezaugarrietarako.

Gure eskulangilearen lantegian, han beste bi pertsona ere aritzen dira lanean, urtean 600 makila inguru egiten dituzte.

MakilakAntzina egindako makilak. (Iñaki Alberdik lagatako argazkia).

 

Euskal Makilaren fabrikazioaren hasiera

Euskal makilen fabrikazioaren hasiera 1980an koka dezakegu, orduan hasi baitziren aipatutako bi anaiak. Izan ere, konbentzituta zeuden eskaera bazegoela, eta horri ezin zitzaiola erantzunik eman ondasun hauek egiten zituzten eskulangileek utzia zutelako jada jarduera. Hala, kasu askotan Iparraldeko eskulangileek ateratzen zuten produktua.

Zura lantzeko beharrezko teknikak ongi menderatzen bazituzten ere, Biarrizko Cassau espezialista ezagunaren laguntza izan zuten, gauza jakin batzuk ezagutu beharra zuten eta euskal makilak produzitzera begira.

Makilen zazpi zatirik garrantzitsuenak zurezko haga, eskutokia, heldulekua, barneko eta kanpoko zorroak, gerrena eta lurrean oinarritzen den punta dira.

Makilagintzaren espezialistak, Iparraldean, hauek dira:

  • Ainciart-Bergara. Larressore (Kanbo)
  • Leoncini. Baiona Zarra, eta
  • Harispuru Anaiak. Ibarolle (San Jean de Pied de Port).

Makilak egiteko lantegiaMakilak egiteko lantegia. (Argazkia: Julen Zabaleta).

 

Makila egiteko prozesua

Iñaki Alberdiren kasuan, makilak egiteko prozesuari dagokionez guztiguztia eskuz egiten duela azpimarratu behar da lehenik.

Eskulangileak 100 m2 inguruko lantegi bat dauka, neurri batean erabilia; bertan tornu bat ikus dezakegu, gaur egun oso gutxi erabiltzen den hirurogeiko urteetako modelo bat bera, eta baita hainbat tornuzil ere zurezko barailaz hornituta, eta laneko mahaiak, makilak zuzentzeko molde bat eta leungailu txiki bat. Apaletan ugari eta askotarikoak dira karrakak, arraspak, forma desberdinak dituzten puntzoi edo eztenak, beranak, eta baita markatzekoak edo mailuak ere, beste tresna askoren artean. Eta egite prozesuan dauden makilak ere ikusiko ditugu.

Kalitatezko makila bat egiteko funtsezko elementua zura da, eta horietan lehenak mizpirondoarena eta basagaztainondoarena izaten dira. Udaberrian Iñaki Pirinioetara joaten da, eta bertan aukeratzen eta markatzen ditu zuzentasun, garaiera eta lodieragatik egokien irizten dien mizpirondoak. Alabaina, seinale horiek aldatu egiten dira, bai euriaren eraginez bai euri faltaren eraginez, eta tenperatura aldaketak ere eragiten die; gauzarik egokiena euria eta beroa txandakatzea izaten da. Aukeratutako zura neguan moztu behar da, ilbeheran zehazki; horrela mozten denean kimu berriak ateratzen dira.

Zura jada lantegian dagoela, prozesuaren hurrengo pausoa hagak labean berotzea da, artean berde daudela, aizto batez azala kendu ahal izatearren. Hagak zuzendu beharra baldin badago, eskulangileak badu soplete bat erabiliz hagak berotzen eta moldatzen dituen molde bat. Zura lehor dagoenean, kare eta ur nahasketa batean sartzen da, ordu pare batez, makilen ohiko kolore marroi iluna har dezan. Garbitu eta eguzkitan lehortzen lagatzen da. Ez da komeni haga hauek gutxienez urtebete igaro arte erabiltzea, zurak asentatu egin behar du eta.

Makilaren barreneko muturrean letoizko zorro bat jartzen da, honek eskulangileak aukeratzen dituen motiboak dituela eskuz bozelduta; eskulangilearen eta bezeroaren izenak ere jartzen dira maiz, bezeroak nahi badu noski. Lan hori eskuz egiten da, puntzoia eta mailua erabiliz. Mutur horretatik altzairuzko gurutzeta bat ateratzen da, eta horixe izango da lurrarekiko kontaktuan egongo dena. Beste muturrean heldulekua jartzen da, makilari eusten dion uztaia bertan doala; kanpoaldea larru txirikordatuz forratzen da, eta adarkizko bola bat jartzen zaio. Makila amaitzeko argizaria ematen zaio.

Makilek daramatzaten metalezko piezak eskuz egiten dira, baina modu unitario batez.

Behar diren beste elementu guztiak komertzioetan erosten dituzte. Lege-zilarra, alpaka eta letoia 1 m x 500 mm-ko eta 0,50 eta 0,70 mm bitarte lodiko xafla eran erosten dituzte.

Makilak egiteko lantegiaMakilak egiteko lantegia. (Argazkia: Julen Zabaleta).