Ezkila bat egiteko kontratua

1628. urtean, Elgoibarko San Lorentzoko ermitan bi kanpai zeuden puskatuta. Hori zela eta, otsein-burua Martin de Izaga bilbotar maisu kanpaigilearekin jarri zen harremanetan.

Kontratu hartan, kanpaigile-maisuak kanpaia behar bezala egiteko konpromisoa hartu zuen. Kanpaia otsein-buruaren gustura ere geratu behar zen, eta horretarako, kanpaigileak kanpaia amaitu ondoren, otsein-buruak nahi beste kanpaigile-maisu eraman zitzakeen hura ikustera, betiere otseinak berak ordaintzen bazituen. Halaber, kanpai berriak zaharraren pisu bera izan behar zuen, ez gehiago ezta gutxiago ere. Kanpaigilearen konpromisoa kanpaia urte hartako San Lorentzo egunerako amaitzea zen, hau da, epea amaitzeko hamabost egun besterik ez ziren falta eta ez zioten epea luzatzen uzten, noski.

Kanpaiaren prezioa Azpilgoetako Ama Birjinaren elizarako egin zuen kanpaiaren bera zen: 16 marabedi libra bakoitzeko. Guztira, kanpaiak 30 libra pisatu zituen.

Ordainketa hainbat epetan egin zen, maisua lana ondo egiten ari zela bermatzeko. Hala ere, otsein-buruak, kanpaiaren prezioa ordaintzeaz gain, kanpaia bera egiteko galdategia, horretarako leku egokia, lurra, su-egurra eta argizaria eman behar zizkion kanpaigileari.

Kanpaigileak ez zuen inolako esker-sari edo haborokinik jasotzen metala urtzeko labea edo kanpaiaren moldea berak egiteagatik, lan horiek guztiak bere kontura joaten baitziren.

Abuztuaren 10ean bertan, alkatearen aurrean, kanpaigileak kanpaia aurkeztu zuen, eta badirudi denen gustura eginda zegoela (1).

Hala ere, 1650eko maiatzaren 8an, San Lorentzo bailarako herritar gehienak bildu ziren, pitzatuta zegoen kanpaiarekin zer egin erabakitzeko. Ermitak edo baselizak maisu kanpaigile bat kontratatzeko nahiko dirurik ez zuenez, herritar bakoitzak diru edo gari kopuru zehatz bat jartzea erabaki zen, horrela artisauaren lana ordaindu ahal izateko.

Azken ukituakAzken ukituak (Argazkia Antxon Agirre Sorondo).

Andoaingo parrokia-elizako kanpaiak1928an, tximista batek Andoaingo parrokia-elizako kanpaiak behera bota zituen, eta argazkilari honek gertakizuna une egokian jasotzeko beta izan zuen. (Kutxa fototeka).

Diru eta gari guztia jasota zegoenean, herriko erregidoreak bildu ziren, kanpai berria egiteko nor kontratatu behar zen erabakitzeko. Eztabaida askoren ondoren, Pedro del Hoyo kontratatzea erabaki zuten, Merindad de Transmieran jaioa, baina garai hartan Elgoibarren bizi zena.

Geroago, Elgoibarko alkatea bera bildu zen Pedro del Hoyorekin, alderdi bakoitzaren konpromisoak ondo zehazteko.

Kanpaigileak, bederen, kanpaia urte hartako San Juan egunerako prest edukitzeko hitza eman zuen, epe hori luzatzeko aukerarik gabe. Horrez gain, kanpaia hilerritik (ermita ataritik) gertu galdatuko zuela hitz eman zuen. Kanpai berria aurrekoaren pisu berekoa egin behar zuenez, materiala berotzerakoan lermatzen zela kontuan hartuta, gutxi gorabehera %10 material gehiago behar zela kalkulatzen zen. Material horren trukean 4 zilarrezko erreal ordainduko zizkioten, eta galdatutako libra bakoitzeko, 32 marabedi.

Kanpaiak akatsen bat izanez gero, berriz ere egin behar zuen, baina kasu horretan, kanpaigileak ordaindu beharko zuen materiala.

Bestalde, maisu kanpaigileari lanerako behar zuen su-egur, ikatz, adreilu, lur eta gantz guztia eraman behar zitzaion obra bertara.

Kanpaigilearen soldatari dagokionez, kontratua sinatzeko momentuan 150 erreal ordaindu zitzaizkion, kanpaia amaitzerakoan beste horrenbeste, eta gainontzekoa, lana bukatu eta urte betera. Azken ordainketa berme gisa egiten zen, hilabete haietan puskatzen bazen ez baitzitzaion diru hori ordaintzen.

Aldi berean, kanpaigileari pitzatutako kanpai zaharra eta sakristian gordeta zegoen kanpaitxo bat ematea zehaztu zen, honek bi horiek urtu eta kanpai berria egiteko erabiltzeko (2).

Hilabete batzuk geroago, Usurbilgo emakume batek diru kopuru bat eskatu zion kanpaigile horri. Izan ere, emakumearen esanetan, kanpaigileak berarekin ezkonduko zela hitzeman zion eta ondorioz emakumeak birjintasuna eta garbitasuna galdu zuen. Horren ondorioz, eta amak hala eskatuta, ikerketa bat ireki zen, eta ondorioz San Lorentzoko kanpaia egiteagatik jaso beharreko diruaren zati bat bahitu zioten (3).

 

(1) GPAH, L-1-1345, 194. orria

(2) GPAH L-1 – 1506, 77. orria.

(3) GPAH L-D1-1506, 184. orria, 1650eko irailaren 27a.