Ezpatak forjatzea

Iraganean, Euskal Herrian ezpatak forjatu edo lantzeko erabiltzen ziren prozedurei buruz ez dugu ia informaziorik. Jarduera horri buruz daukagun aipamen bakarra Gaspar Melchor de Jovellanosek XVIII. mende bukaeran bere egunkarian egindako deskribapena da.

Testu horren arabera, ezpatagileek burdina gozo eta altzairuzko barrak batera forjatzen zituzten. Horretarako 1,5x0,5 hazbeteko bi hagun mozten zituzten material bakoitzeko. Gero, lau hagunak sorta berean elkartzen ziren, mota berekoak aldez aurrean jarrita. Horrela, behin sorta tenplatu eta mailuarekin ingude gainean ondo soldatu ondoren, bi materialak ondo elkartzea lortzen zuten.

Inasmet Ikerketa Zentruko Genaro Rosarok egindako ikerketen arabera, lau piezak soldatu ondoren, piezaren ertz bat mailu eta ingudearekin kolpatzen zen, pieza obalatu eta zapal bat lortu arte. Horrela, burdinazko hagun bakoitza aurreko eta atzeko aurpegietan geratzen ziren, eta altzairuzkoak, berriz, obaloaren bi aldeetan. Behin ezpata bukatu ondoren, aipatutako alde edo aurpegi horiek ezpataren ahoa osatzen zuten. Horrela lortzen zuten materiala ondo banatuta egotea: alde eta nukleoan burdin gogorra, eta muturretan eta ahoan, berriz, altzairua, tenplatu ondoren oso gogorra izaten zena.

Kalitate handiko ezpatak egin nahi zirenean, lau haguneko pieza erditik tolestu eta berriz ere ingude eta mailuarekin lantzen zen, bi aurpegiak elkartu arte. Gero kaldarekin soldatzen ziren, eta horrela lodiera bikoitza zuen pieza lortzen zuten, gero kolpeka luzatu eta fintzen zena. Pieza erditik tolestu, soldatu eta berriz luzatzearen eragiketa bi edo hiru aldiz errepikatzen zen. Horrela, forja-lan luze eta zehatza bukatzean, burdina eta altzairua gainjarritako xafla finetan bilakatzen ziren. Halaber, ezpataren ahoaren ertzak altzairuz osatuta geratzen ziren, eta ezpataren erdigunea, eta aldeetako aurpegiak, berriz, burdinazko xaflaz osatuak.

Horrela, pieza tenplatzerakoan beroa hobeto barneratzen zen. Hori zela eta, ezpata berriz tenplatu eta zorroztu zitekeen, ezpatak gogortasunik galdu gabe.

Hori zen Euskal Herrian eta Espainiako beste lekuetan Arrasateko minerala erabiliz beste leku batzuetan egiten ziren ezpaten ezaugarri nagusia. Eta horregatik lortu zuten horrenbesteko ospe eta onespena.

Europako beste lekuetan egindako ezpatak, aitzitik, ezin ziren behin edo bi aldiz baino gehiago zorroztu. Izan ere, burdin gozoz egiten ziren ezpatak, eta behin pieza egin ondoren, egur-ikatzeko txingarretan sartzen zen, eta han ordu edo egunetan izaten zuten. Azkenik, pieza uretan hoztu eta gero tenplatu egiten zen.

Prozedura horrekin, tenplatu zitekeen geruza fin bat bakarrik lortzen zen, milimetro erdi batekoa edo. Ezpata behin edo bi aldiz zorroztean, geruza hori desagertu egiten zen, eta ezin zen berriz ere tenplatu. Lehen aipatu dugun bezala, Arrasateko altzairuarekin egindako ezpatekin ez zen hori gertatzen.

Prozesuan zehar, ezpatagileek materiala sutegian hainbat aldiz sartu behar zuten tenperatura mantentzeko, eta soldaketa berehala eta azkar egin behar zuten, pieza behin eta berriz kolpatuz. Soldatu beharreko piezaren gainean silizezko hondarra botatzen zuten, eta hau, gori-gorian zegoen metala ukitzean, urtu eta pieza eta mailuaren artean geruza fin bat sortzen zuen, burdin oxidorik ez sortzeko. Izan ere, burdin oxidoa sortzen bazen, mailua eta pieza itsasteko arriskua izaten zen.

Frantzisko de Santiago Palomarrek (1), Toledoko ezpatagileek egiten zuten lana deskribatzerakoan, Tajo ibaiko silizezko hondarraren ezaugarri bereziak deskribatzen ditu, eta neurri batean behintzat, hiri horretan egindako ezpaten kalitatea ezin hobea hondar horri egozten dio. (Nahiz eta gaur egun ikuspuntu horrek ez duen inolako funtsik).

Altzairuzko xaflen kaldako soldaketa, eta ondoren horiek burdinezko xaflekin soldatzea oso lan zaila izan behar zen. Izan ere, karbono edukia % 0,5 baino handiagoa daukan altzaria oso zaila da soldatzen. Hori egiten jakitea izan zen gure ezpatagileek izan zuten sekretu edo ezagutza berezietako bat. Horri esker lortu zuten ospea, izan ere, ezpatagile gehienek ez zuten teknika hori ezagutzen. Hori dela eta, gaur egun ere zaila da jakitea zein prozedura erabiltzen zuten gure ezpatagileek.

 

(1) Ramiro Larrañaga. Lehen aipatutako obra.