Ezpatak harriz landu, tenplatu eta apaintzea

Jarraian armak harriz lantzen ziren, gehienetan disko formako harearri handiekin, gurpil hidraulikoek bultzatuta. Harri horiekin mailu kolpeek sortutako irregulartasunak ezabatzen zituzten, aurpegietako gainazalak berdintzen zituzten eta puntako edo ertzeetako ahoak zorrozten zituzten.

Autore askok idatzi dute nola lantzen diren harriz ezpatak, eta askotan maisu ezpatagileen jakintza eta trebetasuna  goraipatzen dituzte.

Ez dakigu ziur nola lantzen ziren ezpatak XVI. eta XVII. mendean Euskal Herrian. Baina badakigu nola lantzen ziren Toledon, eta kontuan izanda ezpatagile euskaldun askok han lan egin zutela, eta erabilitako lehengaia berbera zela, hau da, Arrasateko altzairua; esan daiteke prozesua antzekoa izango zela.

Ramiro Larrañagak (1) hiri hartan XVIII. mendean erabiltzen zen prozesua azaltzen du. Dokumentu horren arabera, ezpatak tenplatzeko ahoen luzerako 4/5 surtan jartzen ziren. Burdinak gerezi kolorea hartzen zuenean, Tajo ibaiko  urez betetako ontzi batean erortzen uzten zuten, perpendikularki eta zutik. Jarraian, ingude gainean jarri eta poliki-poliki kolpatzen ziren, irregulartasunak berdintzeko. Ondoren, iraotzeko, behin ezpatak berotu eta hauek “gibel kolorea” hartzen zutenean, “urtu gabeko ahari gantz geruza bat ematen zitzaion, hori urtzen hasten zenean horrela uzten zen ezpata hoztu arte.” Horrela ezpata ondo tenplatuta eta iraotuta geratzen zen, eta ez zen tolesten ezta apurtzen.

Gero armak ondo leundu edo apaintzen ziren, gainazalari distira emateko. Hori egurrezko gurpil batzuekin egiten zen: gurpil horietan esmeril-hautsa itsasten zuten eta ondoren gurpil horiek ardatz baten inguruan jirarazten zituzten, indar hidraulikoaren bidez.

 

(1) Ramiro Larrañaga. Lehen aipatutako obra