Fabrikazioa

Zapatari artisauek, bezeroen gustura eta neurrira zapatak egiteaz gain, erabilitako zapatak ere konpontzen zituzten.

Zapatak egiteko, lehenbizi patroia izeneko txantiloi bat egiten zuten. Horretarako, bezeroa oinutsik geratzen zen, eta oin bat paper edo kartoi fin puska baten gainean jartzen zuen. Zapatariak oinaren ingurua arkatz batekin markatu ondoren, hiru neurri hartzen zituen. Lehenbizi oinaren alde zabalena neurtzen zuen, behatzen artekoa. Gero oinbular inguruko aldea, alde estuena, neurtzen zuen; eta azkenik, orpotik behatz lodirainoko distantzia. Horrez gain, oinaren formaren arabera, zapatariak neurri batzuk handitu edo txikitzen zituen, betiere eskarmentuan oinarrituz.

Patroia txantiloi gisa erabiltzen zen, zapata osatzen zuten piezak (estalkia, forrua eta zola) mozteko. Horretarako, hortz fin bat erabiltzen zen, eta jarraian piezak behar bezala kolatzen ziren, horrela aldez aurretik hitzartutako modeloa benetan nolakoa zen ikusteko. Gizonezkoentzako oinetakoak egiteko boscal erako larrua erabiltzen zen, eta emakumezkoena egiteko, berriz, ahuntz-larru erakoa.

Aldez aurretik moztutako larru zatiak leundu egiten ziren. Horretarako egurrezko txirrika baten muntatutako lixa bat erabiltzen zen, motor elektriko baten bidez birarazten zena. Teknika horri esker, larrua askoz ere leunagoa eta malguagoa geratzen zen.

Jarraian zapataren goiko aldeko pieza guztiak lotu eta josten ziren. Horrez gain, pieza horiek zapataren forrura egokitzen ziren. Forru horiek horretan espezializatutako emakume artisauek, hau da, uhalgileek, egiten zituzten. Lan hori etxean bertan egiten zuten, josteko makina industrialak erabiliz. Eragiketa hori amaitu ondoren, zolarako larru puska mozten zen. Horretarako txantiloia eta hortz lodi bat erabiltzen zen.

Larru puska hori uretan hamar minutuz edukitzen zen, eta jarraian asto izeneko ingudean jarri eta mailuz kolpatzen zen, horrela behar zuen malgutasuna lortzeko.

Behin puska guztiak behar bezala josita eta zola behar bezala prestatuta zeukanean, goiko aldeko pieza zolara finkatzen zuen iltze fin batzuekin. Hurrengo pausoa bezeroarekin lehen proba egitea zen. Bezeroari zapatak ondo gelditzen bazitzaizkion zola eta zapataren goiko aldea behin betiko finkatzen ziren, eta ondo geratzen ez bazitzaizkion, beharrezko aldaketak egiten zitzaizkion.

Zapataren goiko aldea eta zola behin betiko josteko, zapatariek eztena erabiltzen zuten (egurreko kirtena duen orratz gogorra). Erreminta horrekin zapata behar bezala heltzeko zuloak egiten zituzten, eta jarraian, zulo horietatik haria pasatzen zuten.

Batzuetan, zapataren puntan eta orpoan larruzko errefortzuak josten zitzaizkion. Bukatzeko, eskuzko puska-kentzaile batekin, lokarriak jartzeko zuloak egiten zitzaizkion, eta mahai gaineko errematxatzeko makinarekin metalezko zulo edo eraztunak jartzen ziren zuloen inguruan.

ZapatariaDuela urte gutxi arte, zapatarien lana erabat artisaua izan da.

AbarcasEuskal Herriko azoka eta merkatuetan abarka ugari saltzen ziren, esaterako irudietan Elgoibarko abarka salmenta-postu ageri da. (Argazkia Indalezio Ojanguren).