Bi familia uhalgile

Melchor Vicente, eskarmentuko uhalgilea

Melchor Vicente 1916an jaio zen Lizarran. Zazpi urte zituela hasi zen lanbidea ikasten uhalgintzan esperientzia handia zuen bere aita Martinen lantegian. Garai hartan ohikoa zenez, lan geroz eta zailago eta korapilatsuagoak ikusi eta egitea funtsezkoa izaten zen lanbidean aurrera egiteko. Bere aitona Lizarratik Kalagorrirako posta linea baten arduradun izateak asko lagundu zuen bere aitaren negozioak aurrera egiteko, gurdiak tiratzen zituzten mandoentzat lanabesak eta konponketa asko egin behar izaten baitzituen.

Melchor VicenteLizarrako Melchor Vicente lanean bere lantegian. Barrualdean erreminten taula.

Alabaina, 1937an armadaren "uhalgile espezialisten gorputz"ean sartu zen, berrogeita bost eguneko oposizioko ariketa praktikoak egin ondoren. Armadan sartzea funtsezkoa izan zen bere lanbidean. Hor, berrogei urte egin zituen lanean espezialista gisa, batez ere zelak eta zaltokiak egin eta konpontzen; hirurogeita bost urte zituela hartu zuen erretiroa. Aipatzekoa da laneko urteetan beti bere jabetzako erremintak erabili izana; horiek erabili eta gastatzeagatik armadak hogeita bost pezeta ordaintzen zizkion urtean. Armadarentzat lan egin zituen urte guztietan sari horrek ez zuen inolako aldaketarik izan. Azken urteetan enkarguz eta eskulangile azoketarako egiten du lan, batzuetan gainera benetako arte lanak egiten ditu.

Uhalgilearen erreminta taula zoragarriaUhalgilearen erreminta taula zoragarria, Lizarrako Melchor Vicenterena.

Berak gogoratzen duenez, iragan mendeko hirurogeiko hamarraldian Lizarran bakarrik uhalgintzako zazpi lantegi zeuden, eta bakoitzean bi edo hiru lagun lanean; baina bata bestearen atzetik itxi zituzten oso denbora gutxian.

Uhalgileek erabiltzen dituzten hamaika erremintaUhalgileek erabiltzen dituzten hamaika erreminta. (Julen Zabaletaren marrazkia).

 

Garesko Velez sendia

Agirietan jasota dago Feliciano Vélez XIX. mendearen erdi ingurutik ari zela larrukigintzan Nafarroako Gares herrian. Salustiano eta Máximo bere semeak ere lanbide horretan hasi ziren, eta Máximoren seme Feliciano Vélez Medranok (1943) lantegi horretan dihardu oraindik ere. Azken hori 1958an hasi zen lanbidea ikasten familiako tailerrean, hango uhalgile maisuek, lanaldi amaigabeetan, egiten zituzten lanak ikusiz.

Vélez sendiaren tailerrean Gares inguruko laborarien larrukigintza arloko eskariari erantzuten zioten. Honakoak ziren tailerrean larruarekin egiten zituzten lanetako batzuk eta horien prezioak, 1921eko urtarrila 1922ko iraila arteko aldian (honetan esan behar da prezio hauek urteko aldi jakin batean kobratzen zitzaiola bere bakoitzari): "bravant" motako uhalak, 22,5 pezeta bakoitza; laborantzarako bi lumantxa, 30 pezeta eta "zaharrak uztea"; primerako larruzko lepuztaiak 15 pezeta (1985. urtean 3.000 pezeta inguru); mahatsa lantzeko bi aulki osoak, 44 pezeta, eta hirurogeita hamar urte geroago, 1.500 pezeta; abarka pare bat, 10 pezeta; lepuztaia konpontzea, 4,25 pezeta; bi usta zaharo eta guzti, 5 pezeta.

Feliciano VélezGaresko Feliciano Vélez, larrukigintzako lantegian (Carmelo Urdangarin 09/2001).

Hiru litroko ardo zahatoak ere egin eta saltzen zituzten, 4,25 pezetan bakoitza; idi parea lotzeko uztarriak ere egin eta saltzen zituzten, 7,5 pezetan bakoitza; eta produktu batzuk alogerean ematen zituzten, adibidez, zahagiak ardandegietatik bezeroen etxeetara, ohiz tabernetara, ardoa eramateko (zazpi pezeta eguneko).

Urteak aurrera, 1980an, Feliciano Vélez oparietako gaiak fabrikatzen hasi zen, esaterako, apaindutako hauspoak (Nafarroako armarri, lauburu, eta abarrez apaindurik), garai batean animaliek aurrean eramaten zituzten eta gaur egun apaingarri bezala erabiltzen diren zanpantzarrak edo "kopetaku"ak lotzeko uhalak, gerrikoak, dantzarien abarkak, jaietan erabiltzen diren buruhandien egituretako uhal eta kopet-gainak, eta larruzko aulki eta besaulkietako larrua berritzea, eta beste hainbat eta hainbat larruzko gauza.