Farozainen prestakuntza

Mendeetan zehar, faroetan egurra edo harrikatza erabiliz pizten zen sua. Geroago, gantza erabiltzen zen horretarako, eta sua aire zabalean pizten zen. Hala ere, sistema horrek oso argi gutxi ematen zuen, batez ere erregaiak hezetasun handia zuelako, eta horrek kea areagotzen baitzuen. Egunez, gantzaren kea nahikoa zen ontziak orientatzeko, baina gauez sua mantendu behar izaten zen, eta hori ez zen batere lan erraza (1). Baina batez ere XVIII. mendetik aurrera, teknologia-aurrerakuntzak azkartzen joan ziren (eta horrekin batera baita ontzien zingoa eta edukiera ere, horrela kostaldean nabigatzean eta porturatzean arriskua handituz), gaur egungo sistema konplexuetara iritsi arte.

Aldaketa guzti horietara egokitu behar izan dira dorrezainak edo farozainak. XIV. mendetik aurrera aurkitu ditugu langile horien erreferentziak (kontratazioari, soldatari eta abarri buruzkoak). Askoz ere aurrerago (1849ko errege-ordenari esker), Faroetako Dorrezainen Eskola jarri zen abian, eta klaseak Coruñako Hercules faroan ematen ziren. Lehen araudia XIX. mende erdialdean xedatu zen, zehazki 1851ko maiatzaren 21eko errege-ordenaren bitartez onartu zen Dorrezainen Araudia. Hogeita hamabost urte geroago, 335 dorrezain zeuden dagoeneko: horietatik 36 dorrezain buru ziren, 79 lehen dorrezain, 96 bigarren dorrezain, eta 124 hirugarren dorrezain.

Dorrezainen zerbitzuan lan egiteko azterketa bat gainditu behar zen. Bertan, adina, osasuna, jokabide ona eta ohiko baldintzak betetzeaz gain, "sarrailaritza, mekanikari-doitzailetza, muntatzaile-elektrikaritza edo bestelako lanbide bati buruzko ezagutzak" eskatzen ziren, baita "ezagutza horiek era praktikoan frogatzea" ere. Horrez gain, "hilabetetan itsaso-seinaleekin eta baldintza zehatzetan jardun izana" ere eskatzen zen. Baldintza beretan, nahiago izaten zituzten farozainen semeak, besteak beste.

Usadioz, farozainen prestakuntzan garrantzi handia ematen zitzaion esku-trebeziari. Izan ere, trebezia hori beharrezkoa zen lanerako, askotan bakarrik lan egin behar izaten baitzuten, eta horren ohikoak izaten ziren arazoak ere bakarrik konpondu behar izaten baitzituzten. Farozain zaharren arabera, lanbidea eskarmentu handiari esker bakarrik ikasten omen zen. Horrez gain, ezaugarri edo baldintza pertsonal zehatzak ere eduki behar zituzten, edozein egoeratara egokitzeko modukoak.

Igeldoko faroaIgeldoko faroa, xx. mende hasieran. kontxako pasealekuak eta argazkian ageri diren ontziek ez dute gaur egungoekin antz handirik. (Kutxa fototeka).

 

(1)  FAROS DEL PAÍS VASCO. Eduardo Sanz, Ricardo Toja. Caja de Ahorros Vizcaína