Forjariak

Euskal Herriko leku askotan, duela mende askoz geroztik burdina eskuratu eta eraldatzeko teknikak menderatu izan dira, batez ere erremintak egiterakoan. Prozedura erabilienetako bat forjaketa izan da (burdina gori-gori jarri arte berotu eta kolpe bidez nahi den forma ematea). Lan horretan aritzen direnei forjari esaten zaie, eta usadioz, espezialista talde bereizia osatu izan dute, forjariek baldintza gogorretan lan egiten zutenez beren interesak defendatzeko gaitasun handia baitzuten.

Burdinola edo oletan, bi edo hiru forjarik osatutako taldeetan  piezei lehen forma ematen zitzaien. Horretarako, aldez aurretik burdinazko hodiak berotu ondoren, ingude gainean jartzen ziren. Gurpil hidraulikoek eragindako mailuekin behin eta berriz kolpatuz, piezei nahi zen forma ematen zitzaien.

XIV. mendetik aurrera, eta batez ere XVI. mendean, Euskal Herrian sutegi txikiak edo forjaketa lantegi txikiak zabaltzen hasi ziren. Lantegi horiek etxabeetan edo teilapeetan egoten ziren kokatuta, eta bertan piezak seriean egiten ziren. Altzairuzko barra edo burdina puska bat hartu, eta sutegian berotu ondoren, ingude gainean jarri eta eskuz, mailuaren laguntzaz, kolpatzen zuten. Askotan trokel txikiak ere erabiltzen zituzten horretarako. Horrelako lantegi batean, orokorrean maisu batek, ofizial batzuek eta ikastun baten batek egiten zuten lan.

Industrializazioarekin batera, forjarako mailu mekaniko edo matxinoak asmatu ziren. XIX. mende bukaera eta XX. mende hasiera artean, piezak seriean egiten hasi ziren estanpazio bidez. Horri esker eraldatze-industria garrantzitsua sortu zen.

ForjaketaForjaketa Diderot eta d'Alemberten arabera, XVIII. mendeko Entziklopedia ospetsuan.