Forjariak

Forjariek, gehienetan hiru edo lauko taldeetan egiten zuten lan. Forjarietako batek, palanka baten bidez, matxinoaren mazoari eragiten zion, hau, lortu nahi zen piezaren arabera, indar handiagoz edo gutxiagoz igo eta jaisteko.

Beste forjariek, barra edo hodiak behar zen tenperaturara iristean (1150 ºC inguru), sutegitik ateratzen zituzten ertz hotzenetik kurrika batzuekin helduta. Jarraian, beheko trokelaren gainean jartzen zuten pieza. Beharrezko kolpeak eman ondoren, barraren ertzean pieza estanpatuta geratzen zen.

Zizailarekin estanpatutako ertza moztu ondoren, barra berriz ere sutegian sartzen zuten, eta handik beste bat ateratzen zuten, dagoeneko beroa zegoena. Forjarietako batzuek lan-ziklo hori  behin eta berriz errepikatzen zuten, bata bestearen atzetik.

ForjariakAtzealdean, eskuineko langileak palanka bidez mazoari eragiten dio. Aurrealdean ageri denak barra prestatzen du, eta haren atzekoak barra forjaketarako kokatzen du (Argazkia Amaia Ros 1996/05).

Tenperatura begiz kontrolatzen zen, hau da, burdinak “kolore hori argia” zuenean ateratzen zen labetik, kolore hori baitzen aipatutako 1150 ºC-ei zegokiona, estanpazio bidezko forjaketarako tenperatura egokia. Horretarako, sutegian ikatz gehiago edo gutxiago jartzen zen, edo bestela fuel-olioaren jarioa kontrolatzen zen, hori guztia eskuz, 1960ko hamarkadan tenperatura-kontrol automatikoak agertu ziren arte.

Forjariak pieza behar bezala berotu ez zela uste bazuen, lana eten eta barra behar bezala berotu arte itxaroten zuen.

Gehienetan 40 edo 45 minututan lanean aritu ondoren, 10 edo 15 minutuko atsedenaldia egiten zuten. Ohikoa zen burdinoletako ateetan egotea, barneko bero eta ketik ihesi.

Bestelako betebeharren artean, estanpatutako piezak aldian behin ikuskatu behar izaten zituzten, kolpeen ondorioz bi estanpak lekuz aldatu ohi baitziren. Bi trokelak lekuz aldatuta bazeuden, berriz ere bere lekuan jarri behar zituzten. Horretarako, 10 kg inguruko borra bat hartu eta estanpak kolpatzen zituzten. Estanpa edo trokelak aldatu eta pieza berri bat jartzerakoan gauza bera egin behar zuten.