Gainbehera

Elgoibarko Idigorastarrek, 1930 aldera, urteko 40 bat gurdi egiten zituzten. 1980ko hamarkadan, gurdi batek 25.000 pezeta balio zituen, eta horrelako bat egiteko hiru edo lau egun behar izaten ziren, egun horietan 10 edo 12 orduko lanaldiak betez. Lehen aipatu dugun bezalaxe, gurdiak egiteaz gain, bestelako jardueretan ere aritzen ziren.

1940ko hamarkadan, Litago anaien lantegian urteko 10 edo 12 gurdi egiten zituzten. 1930 - 1935 aldera, gurdi batek 500 pezeta balio zituen, eta 1954ean, berriz, 1500 edo 1700 pezeta inguru. Aipatzekoa da, gehienetan diru hori kobratze asko kostatzen zitzaiela. Duela berrogei urte, langile bakoitzak hileko 1.000 pezeta inguruko soldata irabazten zuen.

1950eko hamarkadan, traktoreak agertu zirenean, artisau hauen gainbehera hasi zen. Lehenbizi traktoreetarako atoiak egiten hasi ziren, hasiera egurrezkoak, eta gero metalezko egiturakoak. Egia esan, ez zuten zailtasun handirik izan jarduera berrira moldatzeko, forjaketari buruz eta burdinaren eraldaketari buruz ezagutza zabala baitzuten. Hala ere, industrializazioaren eraginez, atoiak seriean egiten hasi ziren, eta hauen prezioa askoz ere apalagoa izaten zen. Hori zela eta, atoiak egitetik traktoreak eta nekazaritzarako makinak konpontzera pasa ziren, eta ondoren arotzeria metalikoan hasi ziren jardunean. Gaur egun, sortzailearen birbilobak horretan ari dira oraindik.

Bitartean, Florentino Idigorasek 70 urte zituela hartu zuen erretiroa, lanbidean 52 urtez aritu ondoren. Lantegia itxi behar izan zuen, inork ez baitzuen lanbidearekin jarraitu.

Gurdixak"Gurdixak”, zama garraiatzen. Atzean Urko ikus daiteke, eta eskubian, Akondia. (Argazkia Indalezio Oianguren).