Gainbehera eta goraldia

XVIII. mendearen hasieraz geroztik beherantz egin zuen erraldoien garrantziak, desegoki ikusten zituzten eta ekitaldi erlijiosoetan. Honen adibide garbia dugu Karlos III.aren Errege Agindu bat, 1798koa, ezartzen zuelarik “erresuma hauetako inongo elizatan, ez katedral, parrokia edo eliza erregularretan, ez egotea aurrean dantzarik ez erraldoirik”, erabat bazterraraziz gainera “praktika hori prozesioetan eta bestelako eliz ekitaldietan, ez baitator bat horrelakoetan ezinbestekoa den duintasun eta begirunearekin”.

Baina berriro XIX. mendeko lehen hamarkadetatik aurrera erraldoi eta buruhandiak gero eta kementsuago itzuli dira herri eta hirietako festa profanoetara, harik eta gaur egun gauza orokorra izatera iritsi diren arte, batez ere Katalunia, Valentzia, Madril eta Gaztela komunitateetan. Solsonan (Lleida) 260 erraldoi desberdin elkartzera iritsi dira, ehun bat lagunartetan elkartuta. Hauxe da mundu mailan ikusitako pilarik handiena (Guinness marka).

Gure inguruotan, berriz, gizarte mailan 1854az geroztik lortua duen indarragatik Bilboko gargantua azpimarratu behar dugu, eta batez ere Nafarroa ingurua, zenbaitetan erraldoien lurralde ere esan izan diotena, 70 baino gehiago baitira erraldoien konpartsak, zenbaitetan ehun urtetik gorako figurak ere badituztenak. Tadeo Amorena maisua ere gogoan izan behar dugu, XIX. mendearen bigarren erdialdean egin baitzituen “europar errege” esaten zieten pertsonaia ezagunak, eta geroago “munduko lau alderdiak” irudikatzen dituzten figurak.

Buruhandiak