Gancedotarrak

Jose Gancedo Martin (Zornotza, Bizkaia, 1924), autodidaktaren eredu ona da. Teknika industrial batzuk menderatzea lortzeaz gain, formazio prozesuan ari diren gazteei horien berri eman izan die.

Haurtzaroaz geroztik Amurrion (Araba) bizi izan da, gurasoak lana zela eta hara aldatu baitziren. Guda Zibilaren garaian ikasketak eten egin behar izan zituen, eta, hamalau urte zituela, Lazaro Ituarte enpresan hasi zen aprendiz, bertan hiru urte emanez. Beste hainbat lanetan aritu ondoren, 1949. urtean, hogeita bost urte zituela, soldadutza egin behar izan zuen, ordura arte ama alarguna zela eta libratu egin baitzen zerbitzu hori egitetik.

Bi urte pasata, bizitza zibilera bueltatzean, industria jarduerara itzuli zen. 1954. urtean irakaskuntzara bideratu zuen bere lan jarduera. Tailerreko maisu izendatu zuten, derrigorrezko azterketak egin ondoren, eta hamaika urte beranduago plaza “jabegoan” lortzeko berriz ere azterketak egin behar izan zituen. Hasiera batean oso baldintza prekarioetan eman zituen eskolak lanbide heziketako ikastetxe batean, eta beranduago Amurrioko Institutuan aritu zen (lan batxilergoa). 1989. urtean, hirurogeita bost urte bete zituenean, erretiroa hartu zuen.

Honen seme Jose Mª Gancedo Cuadrak (Amurrio 1954) bigarren hezkuntzako ikasketak egin zituen jaioterrian, eta 1981. urtean industria maisu elektronikoko titulazioa lortu zuen. Gaur egun bigarren hezkuntzako irakasle dihardu, eta libre duen denboran aitarekin aritzen da elkarlanean.

Jose GancedoJose Gancedo txistu baten atal bat egiten. (C. U. 12/2006).