Garbitzaileak

Garbitzaileak arropa garbitzen espezializatutako langileak ziren. Hotelei nahiz udatiarrei eskaintzen zitzaizkien lanbideen artean gogorrenetakoa zen hau, eta hoteletatik kanpoko langileek egiten zuten. Zenbaitetan garbitzaileek lisatzeko lana ere bere gain hartzen zuten.

XIX. mendearen bukaera aldera arte edo XX. mendearen hasiera arte arropak ibai edo errekatxo bazterretan garbitzen ziren. Garbitzaileak, harri edo egur inklinatuen gainean muturrez aurrera jarrita, lan nekagarri hau burutzen zuten. Entzute handikoak ziren Urumea ibaian lanean aritzen ziren profesionalak. Ur korronteen gainean eraiki ziren estalguneek aurrerapen handia ekarri zieten langile hauei; izan ere, horien barruan banku edo kaxoi moduko batzuk egin ziren, eta emakumeak bertan jar zitezkeen, belauniko, hezetasunetik babesteko. Banku bakoitzean harri bat zegoen, behealdea uretan sartua zuena, eta hor xaboia eman ondoren, igurtzi eta jo egiten zuten arropa.

Estalguneen ondotik garbitegi publikoak etorri ziren. Horiek antzinatik ziren ezagunak beste kultura batzuetan. Garbitegiak helburu horretarako propio egindako eraikinak ziren, eta zenbaitetan bitxi samarrak ere baziren. Barrutik ura pasatzen zen, eta banaka aritzeko langune kopuru aldagarria zuten; oinarrian harri inklinatu batek osatzen zuen langune hori, eta gainean jarrita emakumeek beren lana egiten zuten.

Neskatxak arropa garbitzenNeskatxak arropa garbitzen. Atzean arropa zabalik. (Eulalia Abaituak utzitako argazkia). Bilboko Euskal Museoa.

Garbitzaile beteranoek gogoan dute, orain hirurogeita hamar urte, udatiarren “etxeetara” edo hoteletara joaten zirela (bakoitzak bere bezeroak izaten zituen eta) arropa zikina jasotzera, aurretik zenbatuta entregatzen zietena. Arropa horiek eramateko, or ohar, “solkixa” izeneko zapia edo eskuoihala biribilkatu eta buru gainean jartzen zuten, eta horren gainean garbitu beharreko arropa (maindireak, mantelak, kamisoiak, ezpain-zapiak eta abar) “pardela” izeneko ohe-estalki batean bilduta. Aurrerago zinkezko terreinak hasi ziren erabiltzen.

Garbitegi publikora iristen zirenean, garbitzaileek senitartekoren baten laguntza izaten zuten arropa harriaren ondora jaisteko. Harria, normalean, goizeko bostetan edo seietan “hartzen” zuen emakumearen alabaren batek.

Garbitzeko lanaren oinarrizko zeregina ondorengoa zen: “arropari Chimbo edo Lagarto xaboia ematen zitzaion”, uretan jarri eta tarte batean bertan uzten zen, orbanik izanez gero horiek igurtzi eta eskuz uretatik pasa edo harriaren gainean jotzen zen. Jarraian, terreina batean ura eta lixiba nahastu ondoren, arropa bertan sartzen zen, eta “tarte luze batean uzten zen”. Hala ere, harizko maindireen kasuan, ezin zen lixiba erabili, baina bai xaboia. Berriro uretatik pasa ondoren, arropa ura eta “Brasso” anilaren arteko nahasketa batean sartzen zen. Azkenik, arropa bihurritu egiten zen ahalik eta ur gehien kendu ahal izateko.

Nahiz eta arropa lehortzeko zenbait lekutan arropa gauez zabaldu, “batez ere ilargi betea zegoen gauetan”, ohikoena eguzkitan jartzea izaten zen, belarraren nahiz sasien gainean jarrita, eta zaintzeko ardura familiako gazteren bati ematen zitzaion. Luzatu eta tolestutakoan, zumez edo gaztaina egurrez egindako otarre batean jartzen zen, eta arropa zenbatutakoan bere jabeari itzultzen zitzaion.

Pieza bakoitzeko hainbesteko bat ordaintzen zen, aldez aurretik zerbitzua eskatzen zutenek ezarria edo bi aldeek adostua, eta, garai hartan izaten zen legez, kopuru hori normalean urria izaten zen, familiaren diru-sarrerak osatzeko baino balio ez zuen diru-sarrera, hain zuzen ere. Dugun informazioa eskasa izan arren, jakin badakigu 1930. urtean garbitzen zen felpazko eskuoihal handi bakoitzeko 0,25 pezeta ordaintzen zirela; dozena bat ezpain-zapi garbitzeagatik, berriz, 0,30 pezeta kobratzen ziren. Pixkanaka, arropa garbitzeko baliabide mekanikoak hasi ziren erabiltzen, eta horrek garbitzaileen lana ordezkatu zuen. Era horretan, lanbide gogor eta gaizki ordaindu hau desagertzen joan zen. Dena den, garai hartan garbitzaile izan zirenek nostalgiaz gogoratzen dute beren lanbide izandakoa.

GarbitzaileakGarbitzaileak garbitegi publiko batean XX. mendearen erdialdean (Kutxako fototeka).