Garraioa

Meatzeetatik ingurko zementu lantegietara era askotan garraiatzen zen lignitoa.

1947-48 urtera arte, meategietatik 8 kilometrora zegoen Bedua lantegira, ikatza idiek tiratutako bi ardatzetako gurdietan garraiatzen zen. Gurdi horiek 1868an eraiki zen errepidetik ibiltzen ziren. Sistema hori 1950. urtean gasogenoz zebiltzan kamioiek ordezkatu zuten.

Lignitoa bagoi bitartez garraiatzenLignitoa bagoi bitartez garraiatzen, meatzean. (Julen Zabaletak egindako marrazkia).

Beste meatze batzuetan ez zuten beste aukerarik izaten, eta lignitoa ardatz bakarreko brozeldun idi-gurdietan garraiatzen zen errepide ertzeraino. Han, ikatza lurrera botatzen zen, eta ondoren, palekin, kamioietan zamatzen zen.

Lignitoa bagoi bitartez garraiatzenLignitoa idiek tiratutako gurdian garraiatuz (Julen Zabaletak egindako marrazkia).

San Pelaio meatzea Aizarnako muino batean zegoen kokatuta, eta minerala herriraino aire bidez tranbia batekin garraiatzen zen. Tranbia hori zutabeekin sostengatuta zegoen kable batekin zegoen osatuta. Goian geltoki bat zeukan, eta behean, beste bat, eta kablea txirrika horizontal handien bidez mugiarazten zen geltoki batetik bestera. Kable gainean metalezko pieza luze batzuk zeuden finkatuta. Pieza horiek zirrikitu bat izaten zuten, eta hor larru puska bat zeukaten sartuta. Larru horrek metalezko pieza kablean ez labaintzea lortzen zuen.

Pieza bakoitzetik gako bat zegoen zintzilik, eta langileek bertan ikatzez betetako saski lepotarrak zintzilikatzen zituzten. Kable horren bidez, saskiak beheko geltokiraino garraiatzen ziren. Han, beste langile batzuek saskiak jaso, hustu eta berriz ere kablean zintzilikatzen zituzten, berriz ere goiko geltokira bidaltzeko.

San Fermin meatzea 234 metroko altueran zegoen kokatuta, eta antzeko sistema bat, 2000 metro luzerakoa, erabiltzen zuten lignitoa Txiriboga auzoraino garraiatzeko. Auzo hori haran barrenean zegoen, Aizarnazabal auzoaren aurrean. Sistema goitik kontrolatzen zen. Etengabe, saskiak ondo jaisten ari zirela ziurtatzen zen, eta arazoren bat sortzen bazen, korneta bidez alarma eman eta mekanismoa geldiarazten zen. Herritarrek ondo oroitzen dute Dorotea kornetaria, urtetan lan hori bete zuen emakumea.

Garestia meatzean ere 200 metroko kable bat zegoen, minerala San Fermin meatzera garraiatzen zuena. Sin Nombre meatzeak ere bazuen beste kable bat, ikatza Aizarnazabaleko errepideraino garraiatzen zuena, gero handik Iraeta eta Agotera eramateko.

Lignitoa airez garraiatzeko sistemaLignitoa airez garraiatzeko sistema (Julen Zabaletak egindako marrazkia)

Aizarnako meategiaAizarnako meatzariek erabilitako lanpara eta aireko garraiorako erabiltzen zen gakoa. (Argazkia Javier Carballo).

Aizarnako meategiaAizarnako meategietatik Arronako zementu lantegira lignitoa garraiatzeko aireko sistema (Cementos Rezola. 150 años de historia).