Garraiolaria

Antonio Plazaola Soraluzetik Bergarara jendea eraman-ekarrian hasi zen diligentzia antzeko gurdi estali batekin; gurdiak alboetan, luzetara, eserleku batzuk zituen. Bere geltokira iristen zenean edota ibilbidean egiten zuen edozein geldialdietan, ‘Turkua’k eskailera bat jartzen zuen bidaiariei jaisten edo igotzen laguntzeko.

Baina Plazaola ezagunagoa zen Eibar eta Soraluzen montatzen zituzten arma-garraiolari gisa. Antonio Plazaola 82 urtez hil zenean, Ramiro Larrañagak artikulu bat eskaini zion Eibar aldizkarian, eta horretan adierazten zuenez Plazaolak bi errekor zituen: bata, pertsona zibila izanik, eta ez militarra, herri batetik bestera arma gehien garraiatu duena izatea, eta bestea, Soraluzetik Eibarrera eta alderantziko ibilbidea gehienetan egin duena izatea.

Antonio Plazaola garraiolaria, Eibarren zein Soraluzen, tailer handienetara joaten zen bere diligentziarekin eskopeta kanoien “txorta”k edo baskulaz betetako kaxak edota armen edozein pieza hartu eta bestelako merkantzia pilarekin batera garraiatzeko. Tailer txikietako “errekadista”k edo mutilak edo “granuja”k puntual joaten ziren Plazaolaren irteerara beren enkarguak ematera. Batzuetan ahozko mezuak baino ez ziren, eta ohiz honela hasten ziren esaldiak izaten ziren: “esaixok hari...”, ondoren enkargua emateko.

Antonio Plazaolak gidatzen zuen bi zaldiz tiratutako “burdia”, paketez, eskopetaz, pistolaz eta horien piezaz beteta joaten zena, oso ezaguna zen egunero egiten zuen Soraluze-Eibar-Soraluze ibilbide osoan zehar. Lotura eginkizun garrantzitsua bete zuen urte askotan, armen piezak egiten zituzten enpresen artean edota horiek muntatzen zituztenen artean. Enpresa batzuekin enkargu erregularrak zituenez, 1930ean hainbesteko bat ordaintzen zioten hilean, 5 pezetakoa.

Turkua’k ere egokitzeko abilezia handia erakutsi zuen, zeren ibilgailu motordunak hasi zirenean, berrogeita hamarreko hamarraldiaren inguruan, lehenetakoa izan zen animaliaz tiratutako gurdia aldatzen. Egoera xelebre askotan izan zen partaide, jada aldatuz eta gutxituz zihoazen bizitzeko eta lan egiteko moduen isla.